ARABAKO BATZAR NAGUSIAK
Enpresei eta kapitalari karga fiskala handitzeko erreforma eskatu du ELAk
2023an, PFEZ Arabako bilketaren ia % 38 izan zen, eta BEZa, berriz, % 47. Hala ere, Sozietateen gaineko Zergak kopuru osoaren % 9 bildu zuen. “Beraz, enpresek diru kutxa publikoak sostengatzen dituztela dioen diskurtso ofizialetik urrun, errealitatearen analisiak eta datuek kontrakoa erakusten dute”, adierazi du ELAk. Gehitu du langile klaseak eusten diola zerga zamari. “Egoera honen erantzukizuna ogasunetan eta euskal erakundeetan gobernatzen dutenena da”, esan du.
Arabako datuak gainerako lurraldeetakoen oso antzekoak dira. Egoerak okerrera egin duela dio sindikatuak, 2023ko diru bilketa 2007koarekin alderatuz gero (2008ko finantza krisia hasi aurreko urtea). Konparazio horrek erakusten du EAEn enpresek ordaintzen duten zergaren bidezko diru sarrerak jaitsi egin direla, 2007an 2.034 milioi euro izatetik 2023an 1.636 milioi izatera igaro baitira, hau da, 400 milioi gutxiago ( % 19,6 gutxiago). Bien bitartean, lan errenten bilketa % 63 hazi zen PFEZn, eta BEZaren bilketa % 43.
ELAren ustez, albiste txarra da Europako batez bestekoa baino askoz gutxiago biltzen duen zerga sistema bat izatea, urtean milaka milioi euro jasotzeari uzten baitio. Horiek beharrezkoak dira zerbitzu publiko hobeak izateko, zaintza sistema publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa izateko, edo pertsona guztiei etxebizitza duina eskuratzeko aukera bermatzeko.
ELAk azpimarratu du, gainera, soldatakoak ez diren errentetako iruzur fiskala oso handia dela, eta euskal ogasunek ez dutela behar adina baliabide jartzen iruzur horren preskripzio aldian errenta horiek guztiak ikuska daitezen.