Eros ahalmenaren galera geroz eta nabarmenagoa, KPIa %10,2ra iritsi da ekainean

2022/07/07
Prezioen gorakadari buruzko albisteak behin eta berriro ari dira agertzen komunikabideetan, eta ez da gutxiagorako, azken hilabeteetan laurogeiko hamarkadatik ikusten ez zen prezioen igoera ikusten ari gara

Ekainean, KPIa %10,2ra igo da, aurreko hilean baino %1,8 gehiago. Gainera, azpiko KPIak (elikagaia freskoak eta erregaiak kontuan hartzen ez dituen adierazlea) %5,5eraino eskalatu du, energiaren kostua azken produktura bideratzen ari den seinalea. Herritarrek egunerokotasunean bizi dutena islatzen duten zifrak eta estatistikak dira, hau da, ondasun eta zerbitzu gehienen garestitze orokorra. Ordea, gure diru-sarrerak (soldatak, prestazioak, pentsioak) ez dira erritmo berean igotzen ari. EAEn hitzarmenez ezarritako soldaten igoera %5,1ekoa izan zen maiatzean; Nafarroan, aldiz, %3,8koa. Ehuneko horiek Estatuko batez bestekoa baino handiagoak badira ere (gure lurraldeko eredu sindikalaren ondorioz), ehunekoak inflazioaren oso azpitik jarraitzen du; gainera, gehitu behar da hitzarmenek langile guztien %12 baino ez dutela estaltzen, hau da, 148.403 pertsona. Gainera, beste datu batzuk are okerragoak dira. Gogora dezagun pentsioen igoera %3,5ean geratu zela, gauza bera gertatu zen LGSrekin, 2022an %3,4 bakarrik igo da, eta baita administrazio publikoen zerbitzura zeuden langileekin ere, horiei %2ko igoera ezarri baitzitzaien. Beraz, ehuneko horiek guztiak oso urrun daude KPIak markatu duen %10,2tik.

Ondorioz, eros ahalmena galtzen ari gara, eta horrek langile-klasearen pobretze orokorra dakar. Testuinguru horretan biztanleriaren zati batek are kalte handiagoa jasaten ari da, hain zuzen, baliabide gutxien dituen biztanleria, zeinari ez zaion ematen ari garrantzi handirik analisietan. Aipatu dugu asko hitz egiten ari dela inflazioari buruz, baina ia ez dugu aurkitzen inflazioaren eragina errenta mailaren arabera neurtzen duen azterketarik. Gaiaren inguruko azterketa ekonomikoak beste ikuspuntu batzuetatik egiten ari dira. Horietako bat inlazioaren zergatien eztabaida da, moneta-teoria bakoitzaren arabera kausak desberdinak dira; zehazki, gai hori 142. koiunturaren azterketan jorratu genuen. Bertan, inflazioaren benetako kausak enpresa-marjinak, energiaren kostua eta botila-lepoak zirela aipatu genituen. Beste ikuspuntu bat inflazioak ekonomian izango duen eragina da; hazkunde-aurreikuspenek beheranzko joera dute, besteak beste, prezioen gorakadagatik, eta horrek estanflazioaz ere hitz egitea eragin du. Inflazioarekin lotutako beste gai bat izan da KPIa INEk ondo neurtu duen ala ez; batzuek diote txikiagoa izan beharko lukeela, eta beste batzuek, ordea, handiagoa.

Aipatutakoak gai garrantzitsuak izan arren, gure ustez errentaren araberako azterketa ere gai nagusia izan beharko luke, prezioen gorakadak ez baitu eragin bera biztanle guztiengan. Arrazoia logikoa da. Etxeetako kontsumo-ereduak desberdinak dira errentaren arabera. Diru-sarrera txikienak dituzten familiek proportzio handiagoa kontsumitzen dute lehen mailako produktuetan, hala nola elikagaietan, alokairuetan, elektrizitatean eta gasean. Hain zuzen ere, ondasun eta zerbitzu talde horien prezioak ari dira gehien igotzen, elikagaiak duela urtebete baino %11,2 garestiagoak dira, elektrizitatea %30,2, gasa %19,4, hidrokarburoak %33,6 eta erregaia %86,4.

Beraz, inflazioa langile guztien poltsikoetan nabaritzen ari bada ere, baliabide gutxien dituzten etxeak dira egungo testuinguruak gehien kolpatzen dituenak. Ekuazio honetan, ordea, denek ez dute galtzen. Enpresek kostuen igoera azken preziora eramateaz gain, koiuntura aprobetxatzen dute etekinak handitzeko (orain maila errekorrean). Repsol eta Iberdrola bezalako enpresak horren adibide dira: lehenak 1.392 milioiko irabazi garbiak izan zituen urteko lehen hiruhilekoan, urtebete lehenago baino % 115 gehiago; bigarrenak, 2021ean, 3.884 milioi euroko mozkin errekorra izan zuen.