Espainiako gobernuak austeritatearen aurrekontu-politikari eusten dio

2020/02/28
Aurrekontuen egonkortasunerako helburuak, EAEn eta Nafarroan aurrekontu politika baldintzatuko dutenak, Unidos Podemos, EAJ eta eh Bilduren botoei esker onartzen direla kritikatu du.

Kongresuak, PSOEren Gobernuaren eta Unidos Podemosen inbestidura ahalbidetu zuten alderdien botoekin, Gobernuak joan den otsailaren 11n, 2020-2023 aldirako, proposatu zituen aurrekontu-egonkortasunerako helburuak babestu ditu. Helburuen artean dago Gastu-Araua (aurrekontuak izan dezakeen gehienezko igoera; honek erakunde guztiak lotzen ditu, baita autonomia-erkidego, Aldundi eta Udalak ere). 2020an aurrekontua %2,9 gehitzea da PSOE eta Unidas Podemosek osatzen duten Gobernuaren proposamena, hots, Rajoyk 2020rako ezarri zuen %2,8a baino hamarren urri bat gehiago.

 

Aurrekontu-egonkortasuneko helburuak hiru urteko tarte baterako ezartzen dira. Ohikoa da urtero gainbegiratzea. Espainiar Estatuan gobernuek nahikoa babes izan ez dutenez (hala Rajoyk nola Sanchezek), azkeneko aldiz Parlamentuak 2017an -Rajoy agintean zela- berretsi zituen 2018-2020 urteetarako.

 

Onartzen diren helburuak hiru dira: defizit publikoaren muga, zor publikoaren muga eta gastu-araua. Espainiar Estatuko erakunde guztiek bete behar dituzte hiru muga horiek. Azken urteetan Hego Euskal Herriko erakundeek aurrekontuetan superabit handia izan dute. Horregatik, gastu-arauaren muga da gure erakundeen aurrekontuak benetan mugatzen dituena. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Rajoyrekin hitzartu zuten Gastu-araua 2019rako %2,7koa izango zela, eta 2020rako, %2,8koa (hartara, beren aurrekontuek ez zutela inongo kasutan kopuru horiek gaindituko; horietxek ezarri zizkion Rajoyk beste autonomia-erkidegoei; zerga bidez diru gehiago bilduz gero, soberakina zorra kitatzera bideratu behar da).

 

2020rako gastu-araua %2,9an finkatzea deitoragarria da, praktikan Rajoyk ezarri zuen austeritate dosia ontzat ematea esan nahi baitu, %0,1eko igoera baino ez delako. Gastu-araua aurrekontu politiketan austeritatea ezartzeko tresna da; hain zuzen, hori da ekonomian sektore publikoak duen gainbeheraren arrazoietako bat. Baliabide urriegiak bideratuta zerbitzu publikoak zeharo higatzen dira, mailaka, eta gizarte-prestazioen murrizketa (pentsioak, etab.) areagotzen da.

 

Beraz, espainiar gobernuak ontzat ematen du Troikak babesten duen aurrekontu-politika. Ezinezkoa da aurrekontuak sozialak izatea murrizketa horri eutsiz gero.

 

ELAren ustez, onartezina da EAJren eta Unidos Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin austeritate politika hori abalatzea, kontuan hartuta, gainera, EAEko eta Nafarroako erakundeek hurrengo urteetarako jarraitu beharko duten aurrekontu esparrua ezartzen dela .

 

EAJ koherentea da bere ohiko jarrerarekin, austeritate aurrekontu politiken aldekoa delarik. Gogoratu behar da alderdi horren botoak beharrezkoak izan zirela Rajoyren egonkortasun helburuak onartzeko. Bestalde, EH Bilduk Calviñoren helburuei bide emateko emandako justifikazioak (superabita duten udalek inbertsio jasangarriak handitzeko aukera izango dute) Aurrekontu Egonkortasunaren Legea babestea dakar. Aurrekontu-politika aurrerakoiak aurrera eramateak edo euskal erakundeen aurrekontuak Madrilen erabakitzea galarazteak Lege hori indargabetzea eskatzen du, eta hori lehentasunezkoa izan beharko litzateke edozein indar subiranista edota aurrerakoirentzat.