Lanbidearteko Gutxieneko Soldata

Estatuan adostutako LGSak ez die erantzuten Hego Euskal Herriko langileen premiei

2024/01/12
Espainiako Lan Ministerioak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako %5eko igoerak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hilean 1.134 eurora handituko du. Zenbateko hori ez da nahikoa Hego Euskal Herrian modu duinean bizitzeko, are gehiago etxebizitzaren, alokairuaren eta elikagaien prezioak urteotan LGSaren igoeraren gainetik handitu direnean. Horregatik, ELAk azken urteotan aldarrikatu du gutxienez 1.400 euroko gutxieneko soldata. Gainera, gogora ekarri behar da enpresek mozkin oso handiak izan dituztela pandemiaren osteko urteetan, eta mozkin horiek langile klasea pobretzearen kontura lortu dituztela.

Era berean, kontuan izan behar da gutxieneko soldata jasotzen duten langileen %40 inguru etxeko langileak direla, ia guztiak emakumeak. Gutxieneko soldata hemendik aurrera Espainiako batez besteko soldataren %60rekin mugatzeak ekarriko du emakume horiek pairatzen duten soldata arrakala betikotzea, eta oro har, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata jasotzen duten langileak pobreziara kondenatzea.

ELAk exijitzen du gutxieneko soldata lurralde bakoitzaren egoeraren arabera ezar dadila. Besteak beste, gutxieneko soldata aplikatzen zaien langileek Hego Euskal Herrian bizitzeko moduko soldata behar dutelako.