Etxebizitza hutsei buruzko dekretu berriak ez du konpontzen etxebizitza eskuratzeko arazoa

2021/07/13
Gobernu Kontseiluak ekainean onartutako araudi berria ez da nahikoa ezarritako irizpideengatik, eta gainera, prezioen erregulazioarekin batera ez badator, joerak berdin jarraituko du

Dekretu berriaren helburua, Eusko Jaurlaritzaren arabera, etxebizitza hutsen parkea mobilizatzea da, higiezinen merkatuan eskaintza handiagoa egon dadin. Horretarako, araudi berriak udaletxeek etxebizitza hutsei urteroko kanon bat ezartzeko aukera ematen du. Horretaz gain, jabeak alokatzera behartu ahalko dituzte edota, muturreko kasuetan, desjabetzeko aukera ere badago.


ELA etxebizitza hutsen kanonaren alde kokatzen da, metodo egokia baita orain arte jenderik gabe egon diren egoitza berriak alokairuan jartzeko. Hala ere, dekretu berria ez da nahikoa arrazoi hauengatik:

  • Eusko Jaurlaritzak ez du neurri hori inposatzen, baizik eta udalen esku uzten du ezartzea ala ez. Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak, dagoeneko adierazi du horrelako neurriak ez dituela gogoko, eta, beraz, baliteke Arabako hiriburuan indarrean ez sartzea.

  • Etxebizitza hutsen definizioa oso murriztailea da, eta etxebizitza hutsen zati txiki bati bakarrik eragingo lioke.

     

Laburbilduz, dekretu honek ez du inola ere konponduko gero eta jende gehiagori eragiten dion arazoa. Gainera, alokairuen prezioen erregulazioa bezalako beste neurri batzuekin batera ez badator, neurri horrek ez du prezioen goranzko dinamika aldatuko, eta, beraz, ez da konponbide eraginkorra izango.


Gaineratu behar da etxebizitzen benetako arazoa etxerik gabeko pertsonak direla; horregatik, instituzioen betebehar nagusia etxebizitzarako benetako sarbidea bermatzea izan beharko litzateke. Ez dezagun ahaztu egoera oso larrian gaudela. Higiezinen merkatua ez arautzearen ondorioz, prezioak etengabe igo dira, besteak beste, gazte gehienek ezin dute emantzipatu, eta langile klasearentzat gero eta zailagoa da etxe duina eskuratzea. Hori guztia krisialdi ekonomiko betean, non etxegabetzeak etengabe areagotzen ari diren.


Egoera horren aurrean, premiazko neurriak hartu behar dira langileen bizi-baldintzak hobetzeko. Esan bezala, ezinbestekoa da alokairuen prezioa murrizteko neurriekin hastea, eta ELAk "alokairuaren prezioa arautzeko kege baten alde" manifestua sinatu zuen azaroan. Hala ere, azken helburua etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea izan behar du, eta, beraz, etxebizitzaren desmerkantilizazioa.