Etxebizitza soziala Europako batezbestekoa baino hiru aldiz txikiagoa da Hego EHn

2022/04/11
'Etxebizitza Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak' ELAko Ikerketa Bulegoaren txostenak agerian utzi du etxebizitzaren egoera zinez dela larria. Hala adierazi dute Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak, Aitor Murgia Ikerketa Bulegoko egileak eta kideak, eta Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak gaur aurkeztutako txostenaren prentsaurrekoan.

Mitxel Lakuntzak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak alde batera utzi dituzte dozenaka milaka pertsona, batez ere gazteak, etxebizitza bat eskuratu ezin dutenak: “Oinarrizko gizarte beharrizanarekin negozioa egiten dutenen interesen alde egin dute erakundeek”. Izan ere, “osasungintzan edo hezkuntzan gertatu bezala, erakundeen lehentasuna ahalik eta gutxien gastatzea da”. “Europaren atzetik gaude etxebizitzara bideratutako aurrekontuetan: Europako batezbestekoa BPGaren %0,6 da, eta EAEn %0,2 eta Nafarroan %0,29”.

Alokairuak 1.000 eurotik gora

Bestalde, Aitor Murgiak nabarmendu du alokairuan zein salgai dagoen etxebizitzaren garestitzea. Alokairuaren batez besteko errenta 1.000 eurotik gorakoa baita, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa 3.000 eurotik gorakoa metro koadroko. “Prezio altu horiek gehien jasaten ari den kolektiboa gazteena da, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtetik gorakoa da”. 2008Ko krisiaren ondoren, bankoek finantziazio baldintzak gogortu dituzte, eta prekaritatearen ondorioz aurrezteko zailtasunak areagotuta, jende asko geratu da etxe baten erosteko aukeretatik kanpo, azpimarratu du Murgiak.

Gainera, txostenaren egilearen ustez, onartezina da gure lurraldean 80.000 etxebizitza huts baino gehiago egotea, eta etxegabetzeak ere ohikoak direla gogorarazi du: 2013tik 12.500 etxegabetze baino gehiago egin dira.

Dokumentuan jorratutako gaien artean ere turistifikazioa dago (zeinak alokairuen garestitzeaz gain, auzokideak desplazatzen dituen auzoetatik), baita emakumeek jasan behar dituzten ondorio are larriagoak, etxerik gabeko pertsonen egoera edo migratzaileek askotan jasaten duten diskriminazioa ere.

Errealitate horren aurrean, Leire Gallegok adierazi du ELAren proposamenen artean honako hauek daudela: legez bermatu behar da etxebizitzarako eskubidea, alokairu-salmenta ereduaren aurrean alokairua bultzatu behar da; alokairu prezioak mugatu, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan erabiltzera behartu, etxegabetzeak geldiarazi, turismoko etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea. Azken batean, etxebizitza ondasun espekulatibo gisa ulertu beharrean, gizarte behar gisa ulertu behar da. Era berean, ELAk etxebizitzaren arazoari aurre egiteko kanpaina jarri du abian, eta errealitate horri aurre egiteko lanean diren beste eragileekin elkarlanean jardungo du.

Irakurri txostena