Etxebizitzagatik bizia hipotekatu

2019/04/15
Nafarroan babesturiko etxeen %8,8a bideratzen da alokairura, babesturiko etxea eskatzen dutenen %82,4ak alokairuan eskatzen duen bitartean.

Etxebizitzak gizartearen gehiengoaren bizitza baldintzatzen du. Eta etxebizitza politika, egoera hau konpondu beharrean, arazoaren parte da askotan. Etxebizitza politikak salerosketa bultzatu izan du beti. Etxea erosteko aukera (alokairuaren gainetik) ez da elementu kulturala, baizik eta egiten diren politiken emaitza.

Nafarroako babesturiko etxebizitza parkeak 10 etxebizitzatik 1 baino gutxiago bideratzen du alokairura. Alokairura bideratzen diren babesturiko etxeen portzentajea eskaera baino askoz txikiagoa da: babesturiko etxeen %8,8a bideratzen da alokairura, eta babesturiko etxea eskatzen dutenen %82,4ak alokairuan eskatzen du.

Genero irakurketa ere egin behar da gai hontan. Babesturiko etxea alokairuan eskatzen dutenen artean emakumeak gehiengoak dira, %57,7a hain zuzen ere.

Baina etxebizitza politika beti egon ohi da etxebizitza negozio iturritzat hartzen dutenen aldean, eta ez etxea eskubidea dela pentsatzen dutenen alde. Nafarroan 2017an babesturiko etxebizitza erosteko eskaera egin zutenen %49,1ari eskaera bete zaion bitartean, babesturiko etxea alokairuan eskatu zuten 5.961 eskaerateko bat ere ez da bete.

Honek guztiak ere badauka etxeen prezioan eragina (bai erosteko garaian edo alokairuan hartzeko garaian). Batez besteko soldata 2016an (azken datua ordukoa da) 25.468 eurokoa izan da. 2010etik batez besteko soldata %6,4 igo da. Bilakaera oso bestelakoa izan da etxebizitza berriaren prezioan, 2014tik 2018ra %17,4 igo baita. Nahiz eta alderatzen diren urteak ez diren berberak, konparazioak balio du etxebizitzen prezioa soldatena baino askoz gehiago igotzen ari dela ikusteko.

Bilakaera hau are okerragoa da emakumeentzat. Soldata arrakala 8.153 eurokoa da, hau da, emakumeek gizonezkoek baino %28 gutxiago irabazten dute. Gainera emakumeen batez besteko soldata gizonezkoena baino gutxiago hazi da, 2010etik %4,9 hazi da, eta etxebizitzen prezioak berdinak dira, noski.

Sistema honen ondorioetako bat etxe-kaleratzeak dira. Kaleratzeak egiturazko arazoa dira. Etxebizitza erosteko ia gehienetan beharrezkoa da finantza erakundeetara jotzea, eta eurek jartzen dituzten hipoteka baldintzak onartzea, kreditua ematen badute beti ere. Hauen helburua negozioa da, eta honek askotan kaleratzeak dakartza. Alokairuan hartzen diren etxeetan ere kaleratzeak ugari dira, askotan soldaten eta alokairuen prezioaren artean dagoen desberdintasunak eraginda.

Honek ekarri du Nafarroan 2013tik 2018ra 2.424 kaleratze egitea, hauetatik 377 2018an gertatu dira.

Etxebizitza duin eta egoki bat izateko arazoa egituazkoa da, eta hau konpontzekotan egiturazko aldaketak eman behar dira. Ezin da azken hamarkadetako eredua errepikatu, etxebitizak ez baitu negozio iturri izan behar, eskubidea baizik.

Konponbidea ez da lehengo egoerara bueltazea. Beharrezkoa da alokairua salersoketaren gainetik bultzatzea politika publikoen bitartez. Hutsik dauden etxeak bete, etxebizitza asko baitago jenderik gabe, eta jende asko etxerik gabe. Kaleratzeak gelditu, etxea eskubidea baita guztiaren gainetik. Eta gastu publikoa handitu, ezin baita politika sozialik egin aurrekonturik gabe.