Europako funtsen kudeaketaren gardentasun faltak murrizketak dakartzatela erakusten du

2021/10/14
Sanchezen gobernuak kontratu bat sinatu du Europako Batzordearekin, Europako funtsak jasotzeko hitzartutako erreformak eta inbertsioak nola bete zehazteko; akordio hori ez da, ordea, publiko egingo. ELAk argi dauka horrek irakurketa argia duela: gardentasun falta izugarria izateaz gain, Next Generation funtsek murrizketak ekarriko dituzte.

Urtebete baino gehiago igaro da COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko Next Generation EU (NGEU) funtsak onartu zirenetik. ELAk hasieratik salatu du funts horiek jasotzeko Batzordeak egokitzat jotzen dituen erreformak eta inbertsioak egin beharko direla, eta gizarte-eskubideetan murrizketak ekarriko dituztela. Gainera, krisiari aurre egiten lagundu beharrean, funtsak enpresa pribatuen proiektu handiak diru publikoarekin finantzatzera bideratuta daude.

Espainiako Estatuaren kasuan, Gobernuak aurrekontuetan hitzemandako Europako funtsak jaso nahi baditu, Europarekin adostutako eskakizunak eta epeak bete beharko ditu. Argi utzi du hori

Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak. Bere hitzetan, “konpromiso garrantzitsua hartu du Gobernuak Bruselarekin, hala nola, pentsioen erreforma, lan-erreforma edo erreforma fiskala. Erreforma horiek data zehatza dute”.

Horretarako, Gobernuak, prentsak iragarritakoaren arabera, kontratu bat sinatu du Europako Batzordearekin, Operational Arrangement izenekoa (funtzionamendu-akordioa), eta kontratu horretan zehatz-mehatz zehazten da nola bete beharko diren hitzartutako erreformak eta inbertsioak. Hala ere, akordio hori ez da publiko egingo, eta horrek agerian uzten du, alde batetik, gardentasun falta handia dagoela funtsen kudeaketan, eta, bestetik, pentsioen arloan prestatzen ari diren erreformek eta lan-erreformak murrizketa handiak ekarriko dituztela langileen eskubide sozialen kaltetan.

Gogoratu behar da Sanchezen Gobernuak sei hilean behin azterketa egin beharko duela hartutako konpromisoak betetzen diren neurtzeko. Eskakizunak betetzen ez badira, funtsen erregelamendua argia da: Batzordeak finantzaketa atzeratu dezake erreformak bete arte, edo jasotako funtsak itzultzeko ere eska dezake. Hala ere, Gobernuak NGEU funtsen zati bat hitzeman du bere aurrekontuetan, eta horrek Bruselaren eskakizunei men egitera behartzen du. Hortaz, argi dago Europak Espainiako Estatuko politiketan modu nabarmenean esku hartuko duela datozen urteetan.

Langile klasearen eskubideen kontrako neurriei aurre egiteko asmoz, ELAk kalera ateratzeko deia egin du. Hala, datorren urriaren 24an Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen (11:30) manifestazioak deitu ditu `Ez gaitzazue saldu Madrilen. Ez pentsioen murrizketari. Lan-erreforma indargabetzea lelopean, EAJk, EH Bilduk eta Podemosek pentsioen murrizketa eta lan-erreforma indargabetzearen alde egin dezaten eskatzeko.