Europako funtsen lizitazioak HEHn: soilik 22,5 milioi euro EAEn eta 140.000 euro Nafarroan

2022/05/31
Next Generation funtsek 140.000 milioi euroko diru zaparrada suposatuko zuten, ekonomiaren eraldaketa digitala eta sostengarriagoa ekarriko zutenak. Diru kantitate izugarri horiek ez dira doan izan. Pentsioen erreforma (zeinari murrizketak aplikatzea falta zaion) eta lan-erreforma beharrezko baldintzak izan dira finantziazioa urtez-urte jaso ahal izateko, 2021 eta 2026 urte bitartean. Erreforma hauek 2008ko krisiaren ondoren eman ziren murrizketak kontsolidatu eta sakondu dituztela argi dago.

Hala ere, baldintzak ez dira funts hauen arazo bakarra. Hauen kudeaketa Sanchezen gobernuaren eskuetan dago eta banaketan ikaragarrizko gardentasun falta dago. Espainiar estatuko 2021eko aurrekontu orokorretan 24.198 milioi esleitu zitzaion Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari, finantziazioaren iturri nagusia dena. 2021eko azaroan, kantitate horren %65a konprometitua zegoen. Hori bai, gastu horren inguruko informazioa oso murritza da eta zaila da jakitea zertara bideratu den benetan dirua.

Funtsen jarraipen bat egiteko moduen artean lizitazioen ejekuzioa dago. Observatorio de Fondos Next Generation EU agentziak egindako Los Fondos NextGenEU en España: análisis de la ejecución de licitaciones txostenaren arabera, 2022ko otsailera arte 4.997 milioi eurora arteko lizitazioak baino ez dira publiko egin. Horietatik, lizitatutako diruaren %56a zuzenbide publikoko erakundeen partetik egin da. Zehazki, europar funtsetatik lizitatutako diruaren erdia ADIFen esku geratu da, 2.439 milioi euro.

Baina bereziki kezkagarria dena Hego Euskal Herriko egoera da. Momentuz, estatuko Autonomi Erkidegoek 850 milio euroko lizitazioak eman dituzte, horietatik EAEk 22,65 milioi euro eta Nafarroak 140.000 euro. Nafarroakoa, espainiar estatuko zifrarik baxuena da. Ez dakigu euskal administrazioek funtsak jaso dituzten beste iturri batzuetatik.

Ezin dugu ahaztu bai Urkulluren gobernuak, bai Chiviterenak europako funtsen esku utzi dituztela proiektu estrategiko asko. EAEko kasuan, espero da 5.700 milioi euro jasotzea. Nafarroan, 1.000 milioi euro baino gehiago. Bistan dago lizitazioen zifrak oso urrun daudela zenbaki horietatik.

Ondo ezagutzen ditugunak pentsioen erreforma eta lan-erreforma dira, Next Generation funtsak jasotzeko baldintza beharrezkoak izan direnak.