Europako migrazio-politika ankerra da

2021/06/01
Ceutako kostaldera 6.000 pertsona baino gehiago iritsi dira (ez dago benetako daturik), eta berriro ere egiaztatu da hirugarren herrialdeetan mugak kanporatzeko Europako politikek ez dutela konponbide iraunkorrik eskaintzen giza mugikortasunaren arloan, eta, horrez gain, migrazio-prozesuetan dauden pertsonak presio politikoa egiteko erabiltzen laguntzen dutela. Horrek berriz ere bermatzen du estatu espainiarraren eta europarraren migrazio-politika errotik aldatu behar dela, eskubideen ikuspegia duten bide erregularrak eta seguruak erraztuz.

Barne Ministerioaren arabera, maiatzaren 18an (horri buruzko datu ofizialik ere ez dago eguneratuta) 2.700 pertsona baino gehiago itzulita zeuden dagoeneko Marokora, Espainiak eta Marokok Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako espresazko itzulketak errazten dituen akordioaren esparruan. CEAR, ELIN, Sos Racismo, Red Acoge, Irídia, APDH-A eta Andalucia Acoge elkarteek gogorazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2020ko otsailaren 13an emandako epaiak honako hau ezarri zuen: "Kanporatze kolektiboak edo beroak ez daude legez baimenduta, eta edozein neurri mota indibidualizatu behar da". Auzitegi Konstituzionalak berak ere hori berretsi zuen.


Kalkuluen arabera, pertsona horietatik 1.500 baino gehiago haurrak eta gazteak dira. Oinarrizko eskubideak ez badira inola ere urratu behar, are gutxiago haurrei eta adingabearen interes gorenari dagokienez. Ez dira betetzen ari barne-araudian eta nazioarteko akordioetan ezarritako protokoloak, haurra izatea migrazio-egoeraren aurretik jartzen baitute.


ELAk salatu duenez, Ceutan gertatzen ari dena mugetan disuasio- eta blokeo-neurrien aldeko apustuaren erakusle da. Neurri horiek migrazioak kriminalizatzea eragiten dute, eta konfrontazio soziala, arrazismoa eta xenofobia hedatzea eta eskuin muturreko jarrera politikoen gorakada dakarte. Azken horiek beste indar politiko batzuetan ere eragina dute, eta segurtasuna eta ustezko subiranotasun nazionala suntsiketarako arma bihurtzen dituzte, gorrotoa bultzatzeko diskurtsoak bultzatuz.


Beste batzuetan adierazi dugun bezala, beharrezkoa da:
• Pertsonen giza eskubideak eta duintasuna errespetatu, babestu eta bermatzea, zirkulazio askerako eskubidea erabiltzen dutenen bizitza arriskuan jartzen ez duten bide erregularrak eta seguruak erraztuz.
• Pertsona kalteberen segurtasuna bermatzea, hala nola mugimenduan dauden haurren edo trafiko- eta/edo salerosketa-sareen biktima izan daitezkeenen segurtasuna.
• Eskubideen ikuspegitik egiazko informazioa ematea, gorroto-diskurtsoen, kriminalizazioaren eta estereotipoak eta aurreiritziak sortzearen bozgorailu gisa erabili gabe.