FISKALITATEA
Europar Batasuna 2024an itzuliko da austeritate politiketara, arau fiskalak etenda egoteari utzi ostean

ELAk Europako gobernantza ekonomikoaren esparruaren erreforma txostena egin du. Txosten horretan, Europako Batzordeak 2025etik aurrera arau fiskalak erreformatzeko egindako proposamena aztertzen da, diziplina fiskalera itzultzea dakarrena.
Gainera, txostenak 2024an arau fiskalak etenda egoteari utziko diotela erabakitzearen ondorioak jasotzen ditu (2020an hartu zen erabakia, Covid-19aren pandemiagatik), eta, beraz, datorren urtean berriro aktibatuko da Egonkortasun eta Hazkunderako Itun zaharra (EHI), Europako gobernantzaren esparrua erreformatzeko proposamenean txertatzen diren elementu batzuekin. Aitor Murgia Azterketa Bulegoko kide eta txostenaren egileak ohartarazi duenez, “horrela, erakunde guztiek 2024ko aurrekontuak egin beharko dituzte arau fiskalak errespetatuz, gastu-araua barne, eta horrek gastu-muga handiak ekarriko ditu. Murrizketak egongo dira”, adierazi du Murgiak.
EBeko gobernantza ekonomikoaren esparruaren erreformak izaera kontinuista du, argi eta garbi, Murgiaren esanetan. “EHIren erreferentziak berdinak izaten jarraitzen dute (defizit publikoaren % 3 eta zor publikoaren % 60 BPGarekiko), eta, nahiz eta egia izan herrialdeek epe luzeagoa izango dutela zorra murrizteko eta herrialde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko direla, egia da zor-ratio handia duten herrialdeen zerga- eta aurrekontu-politikan esku hartuko dela, Europako erakundeek urtero ebaluatuko dituzten zerga- eta egitura-planen bidez.
Esparru berriak ez ditu diru-sarrera publikoak jorratzen, eta ez du inolako erreforma fiskalik planteatzen kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Sindikatuak ohartarazi du ezartzen duena gastu-arau bat dela (horrek esan nahi du portzentai bat ezarriko dela, eta portzentaje horren gainetik ezin izango dela erakunde bakoitzaren aurrekontua handitu, eta horrek aurreko sistemaren gastu-arauari jarraipena ematea dakarrela). ELAko Azterketa Bulegoko kidearentzat, “horrela erakunde guztien aurrekontu-gastua mugatuko da, haien diru-sarrerak edozein direla ere. Europako Batzordeak planteatzen dituen baldintzak betetzen ez dituzten herrialdeei ere zigorrak ezartzea proposatzen da”. Horrela, Murgiak salatu du “egungo Europako politikak eta 2008ko krisiaren ostean hartutako politikak desberdinak direla dirudien arren, egia esan, ez dago benetako aldaketarik eta eredu neoliberal berarekin jarraitzen dute”.
Austeritate neurriak Hego Euskal Herriarentzat
Murgiak adierazi duenez, 2020tik zor publikoa handitu denez, gobernuek baldintza okerragoetan egin behar diote aurre arau fiskalen itzulerari. Murgiak gogorarazi duenez, EBko zor publikoaren batez bestekoa BPGaren % 84 da, eta EHIk (berritua edo berritu gabea) ezartzen du % 60tik beherakoa izan behar duela. Estatu espainiarraren kasuan, ehunekoa % 115 da, Itunak ezartzen duenaren ia bikoitza.
Horrek esan nahi du “datorren urtetik aurrera Europako Batzordeak gastu publikoa kontrolatzeko austeritate-neurriak hartzera behartuko duela espainiako Estatua, zorra beheranzko bidean jarri arte, eta ondorio berak izango dituela EAEko eta Nafarroako aurrekontuetan”. Izan ere, Europako politika gehienekin gertatzen den bezala, erabakiak hartzeko eremuak gero eta urrunago daude Hego Euskal Herritik. Europako Batzordeak estatuak kontrolatzen ditu, eta, Espainiako Estatuaren barruan, Madril arduratzen da iturria irekitzeaz edo ixteaz; Hegoaldeko euskal erakundeek, berriz, txintik esan gabe bereganatzen dute gobernantza-eredu hori. “2024tik aurrera, ikusiko dugu EAEko eta Nafarroako aurrekontuak berriz ere mugatuak izango direla gastu-arauarekin, eta ondorio kaltegarriak dituztela gure zerbitzu publikoetan eta gizarte-prestazioetan”, txostenaren egileak dioenez.