ZERGA ERREFORMA

Euskal ogasunek enpresa handientzako paradisu fiskala sustatzen dute, Imazen moduko presioen eraginez

2024/11/12
Aldundiek iragarri duten erreformarekin diru-bilketa txikiagoa litzateke, eta horrek egungo sistemaren injustizia areagotuko luke. ELAk dei egin du abenduaren 14an Bilbon izango den manifestazioan parte hartzera, kapitalaren pribilegioak bertan behera gera daitezen eta berma dadin enpresek etekinen % 25eko zerga ordainduko dutela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek atzo eman zuten zerga-erreformaren ildo nagusien berri, zeintzuk datozen asteetan zehaztuko dituzten. Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunaren arabera, “foru ogasunek iragarri dutenak ez du 'erreforma' izenik merezi: egungo sistemak gutxi eta gaizki biltzen du, eta atzokoari erreparatuz gero, prestatzen ari diren neurriekin diru-bilketa are txikiagoa izango da”. Murgiak erantsi zuenez, “ogasunek bere egin dute batez ere enpresei abantaila fiskal gehiago eman behar zaizkiela, baina horrek bilketaren injustizia larriagoa bilakatzen du, dagoeneko neurrigabeko ahalegina egiten baitute lan-errentek”.

Murgiak esan du “Aldundiek azaldu dutenarekin berretsi egin da ELAk EAEko hiru ogasunekin izandako bileretan entzun duena”; hauetan ogasunek aitortu dute ere “iruzur fiskalari aurre egiteko bitarteko nahikorik ez dutela. Hori gertatzen da borondate politikorik ez dagoelako”. ELAko arduradunak uste du gauza bera gertatzen dela gardentasunarekin: “Ez dago borondate politikorik fiskalitatearen egoerari buruzko informazioa emateko, ez eta horretarako aski langile ere”. Murgiaren iritziz “opakutasuna eta iruzurra txanpon beraren bi aurpegiak dira; ELAk hau aspaldidanik salatu izan du”.

Bestalde, Leire Gallego ELAko Ekintza Sozialeko arduradunak gogoratu du zerga-erreforma bat egitekotan zein neurri ezarri beharko litzatekeen. Haren arabera erreforma bidezkoa izango bada “Sozietateen Zergan gutxieneko bat finkatu behar da enpresek gutxienez etekin kontableen % 25 ordain dezaten, inolako salbuespenik gabe.” Halaber, Gallegok eskatu du ken dadila PFEZean kapital-errentei ematen zaien tratu berezia, izan ere, lan-errentek baino askoz gutxiago ordaintzen baitute; gainera, tasa marjinalak % 66raino handitu behar dira”.

Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiaren aburuz “oso larria da eztabaida fiskala goizegi bukatutzat ematea. Duela lau urte, pandemia betean, eztabaida hori hasi zenean, gehiengoa bat zetorren baliabide gehiago behar zela zerbitzu publikoak garatzeko, eta errenta altuek, kapitalak eta enpresen etekinek ekarpen handiagoa egin behar zutela. Orain euskal ogasunek egin duten proposamena gizarteari iruzur egitea da”.

Lakuntzak salatu du honen guztiaren oinarrian zer dagoen: “Madril da, tamalez, euskal Aldundien erreferentzia. Hipokrisia hutsa da Isabel Diaz Ayusori kargu hartzea eta era berean haren errezetak aplikatu nahi izatea, zergei buruz arautzeko ahalmena energia- eta finantza-enpresei, zein edozein transnazionali zergak murrizteko edo kentzeko baliatu nahi baitute”. Lakuntzak ideia honi jarraipena eman dio; “Estatuarekin zergak ituntzea gero etekinak dituzten enpresa handiek gutxiago ordain dezaten autogobernuaren erabilera maltzurra da, enpresa horien zerbitzura jartzeko eta ez biztanle gehienen mesederako”.

ELAko idazkari nagusiak EAJri galdegin dio esan dezala argi “zenbat nahi duen enpresek zerga etekinengatik ordaintzea; ez al du paradisu fiskalik sortu nahiko, Iberdrola eta Petronorren gisako enpresek euskal ogasunei egiten dieten ekarpena are txikiagoa izan dadin”.

Hain zuzen ere, Lakuntzak gogoratu du botere ekonomikoak eta bere lobbyek gurean indar handia dutela. “Repsolek, Iberdrolak eta antzeko enpresek eta Josu Jon Imazen moduko jendeak erabakitzen dute herri honetako politika. Egunero egiten dute politika eta, zoritxarrez, nahi dutena lortzen dute alderdiek beren eskakizunei men egiten dietelako”.

ELAko idazkari nagusiak EH Bildu ere interpelatu du: indar politiko hau “erreforma fiskala adosteko prest dago, ondo jakinagatik ere beharrezko neurri bat ere ezartzeko borondaterik ez dagoela. Ezkerrak marko honi aurre egin beharko lioke eta eztabaida fiskalean bere alternatibari eutsi. Lehia horri uko egitean gizartean hedatzen den ideia da egungo zerga-sistema egokia dela; dagoena ontzat emateak sistemaren alternatibak garatzeko aukera galarazten du”.

Azkenik, Mitxel Lakuntzak dei egin du ELAk abenduaren 14rako goizeko 11:30ean Bilbon (Jesusen Bihotzetik hasita) deitu duen manifestazioan parte hartzera, bidezko zerga-erreforma galdegiteko.