Euskaltel: beste urrats bat pribatizazioan, kontrol publikoaren galeran eta deserrotze prozesuan

2019/04/15
Euskaltelen pribatizazio, kontrol publikoaren galera eta deserrotze prozesuak ez du etenik. Azken urratsa Zegona inbertsio-funtsak egin du, enpresaren akziodun nagusi bihurtuta. Eusko Jaurlaritzarena da egoera honetara iritsi izanaren ardura.

Euskaltel 1995an sortu zen, diru publikoa medio (Eusko Jaurlaritzak %40 jarri zuen, eta orduko aurrezki kutxek, berriz, gainerako %60a). Pribatizatzeko modua kapitalisten eskolakoa izan da: 2012an kapitalaren %50,1 esku pribatuetan utzi zuten (ICV funtsak %49,1 erosi zuen), oso merke gainera. 2015ean, Burtsara ateratzeko egin zen balorazioarekin, ICVk pelotazoa eman zuen, bere akzio guztiak saldu eta erositako prezioa hirukoiztuz. Ez zegoen inolako arrazoi ekonomikorik halako jauzia justifikatzeko. Orain kapitalaren %80tik gora inbertsio-funtsen eta Burtsako beste inbertitzaile pribatuen esku dago, Jaurlaritzak ez dauka akzio bat ere eta Kutxabank (orain banku forma hartuta) %20tik behera dauka; haatik, portzentajea gero eta murritzagoa da, eta seguruenik joera hau ez da geldituko.

Beraz, euskal erakundeek nahita galdu dute sektore estrategiko bateko enpresa nagusi baten kontrol publikoa. Tresna garrantzitsuak galtzea, esaterako finantza-erakunde nagusia (Kutxabanken bankarizazioa hori izan baita) edota telekomunikazioetan Euskaltel, arduragabekeriaren eta politika negargarri baten fruitua da.

EUSKALTELEN PRIBATIZAZIO PROZESUA
KAPITALAREN JABEGOA (1995-2019)

 

1995

2012

2015 (Salida a Bolsa)

Abril 2019

Eusko Jaurlaritza, (%40 Euskalnet bitartez)

Aurrezki Kutxak, %60

Kutxabank, %49,9

International Cable ICV, %49,1

Iberdrola, %2

Kutxabank, %30,1

Enplegatu eta zuzendaritzakoak, %2

Funtsak eta besteak, %68

Kutxabank, %19,88

Funtsak eta Burtsa, %80,12

Iturria: ELAren azterketa bulegoa.

ELAk 2015ean prozesu hau guztia salatu zuen eta mobilizaziora deitu zuen enpresa Burtsara atera zutenean. Burtsarako irteera zuzendaritzako 10 pertsonak 40tik gora milioi euroko bonus bat poltsikoratzeko baliatu zuten; zatirik ederrena Alberto Garcia Erauzkin presidenteak eraman zuen (9,2 milioi).

Euskaltelek eskandaluzko etekinak pilatzen ditu, gero eta handiagoak. 2018ko negozio-kopurua 330 milioi eurokoa izan zen, eta etekin garbia, 92 milioikoa. Irabazi horren zatirik handiena dibidendoetara bideratzen da (55,4 milioi). Hau da, lehen ekitaldietako galerak sozializatu ondoren oparoaldiko etekinak pribatizatzen ari dira.

Bestalde, enplegatuen gastua (25,5 milioi 2018an) etekinen laurden eskasa dira, zuzendaritzako 31 kideen soldata barne (334 pertsona ditu plantillan).

EUSKALTELEN DATUAK (2017-2018, MILIOI EUROTAN)

 

2017

2018

ETEKIN GARBIA

77

92

DIBIDENDOA

49,5

55,4

PERTSONAL GASTUA

24,9

25,5

Iturria: Euskaltel.

Argi dago Eusko Jaurlaritzari dagokiola honen ardura, hau saihestu nahi badu ere eta Euskaltelen errotzeari buruzko deialdi ozenak eginagatik. Urkullu Lehendakariak esan du Euskaltelen Estatutuek “errotzea bermatzen” dutela, egoitza soziala EAEtik kanpora eramateko botoen %75 behar delako. Alabaina, ez dago bermerik, enpresa baten estatutuak alda baitaitezke; gainera, kapitalaren %80 dagoeneko funtsen eta bestelako erakundeen esku dago. Nolanahi ere, enpresa baten errotzea edo hartuko duen eredua ez dago lotuta bere egoitzaren kokapenarekin; hau karikatura bat da, eta agerian uzten du gobernuak ez daukala bere jokabidea azaltzeko argudiorik. Inbertsio- funtsen lehentasuna, eta Zegonak ez du ezkutatu, Euskalteletik eperik laburrenean ahalik etekin handiena lortzea da; hori bezeroen eta langileen bizkar egiten da, dibidendo itzela banatuz (hots, enpresan berriz inbertitzen ez den dirua).