Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ortodoxia neoliberalaren aitzindari

2018/03/28
ELAk adierazi duenez aste honetan jakitera eman diren datuen arabera Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak superabit nabarmena izan zuten iaz. Eta horrek erakusten digu, berriz ere, erakunde horiek lehenak direla ortodoxia neoliberala betetzeko orduan.

ELArentzat “onartezina da Eusko Jaurlaritzak 1.074 milioi euroko superabita izatea, eta Nafarroako Gobernuak 241 milioi eurokoa, eta bitartean gizartearen hainbeste oinarrizko beharrizan bete gabe izatea, besteak beste, hezkuntzan, osasunean, gizarte-prestazioetan, menpekotasunen zerbitzuetan edo etxebizitza-politikan”. Superabit horren muntarekin 4 aldiz finantzatu litezke EAEko DSBEren programak edo Nafarroako Errenta Bermatukoak.

Horrelako superabitei bidegabeki banaturiko presio fiskala gehitzen badiegu (Europako azken postuetan dagoena, babes sozialera bideratzen den aberastasun-zatiari dagokionez bezalaxe), ez dugu adibide argiagorik aurkituko aurrekontu-neoliberalismoa zertan den ulertzeko. Eta horretan Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua eskutik doaz.

Ildo horretatik, ELAk ekarri nahi du gogora bi gobernu horiek adostu dutela Rajoyrekin gastu-araua, estatu espainiarreko administrazio guztietarako gastu publikoaren gehienezko hazkundea mugatzen duena, eta uste baino diru-sarrera handiagoak izanez gero zor publikoa amortizatzera administrazioak behartzen dituena.

Ortodoxia antisozialaren ildotik joateaz gain, gastu-arauak autogobernua inausi du. Izan ere, ekonomia-itunak omen genituen Euskal Herrian oinarri gure diru-baliabideak zein politikatara bideratuko genituen erabakitzeko. Baina gastu-arauarekin bat egiteak geure aurrekontu-politika erabakitzeko ahalmena arras mugatzeko adostasuna aitortzea dakar.