Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuak ez du ezkerreko edukirik

2019/10/29
Mikel Noval, ELAko Gizarte Politikaren arduradunak, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuen eskuineko izaera nabarmendu du. "Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontu-proiektuan ez dago aldaketarik, aurreko urteetako aurrekontu neoliberalen aldean", baieztatu du.

Novalek salatu duenez, abiapuntua orain indarrean dagoen aurrekontua da, eta horri gehikuntza murritza aplikatu zaio, beti ere, Rajoyren eta Urkulluren gobernuen artean adosturiko gastu-arauaren mugaren baitan.

ELAko arduradunaren iritziz, aurrekontu horiek bereganatu duten logika ikusita, ez dago esaterik, inondik inora, aurrekontu sozialak direnik.

"Oinarriak aldatu ezean ez dira aurrekontu sozialak izango, eta argi dago Gobernua ez dagoela horretarako prest. Aurrekontu horiek ezin dira aurrerakoi bihurtu konponketa txiki batzuk eginez; beraz, ezker politikoak ezin die babesik eman horrelako aurrekontuei".

Gainera, gobernuak uko egin dio zerga-erreforma egiteari, diru-sarrera handiagoak biltzeko aukera baztertuz.

Novalentzat onartezina da aurrekontu horiek aurrerapen moduan aurkeztea, politika feministak edo klima-aldaketaren aurkako borroka bezalako kontuei dagokienez; ez bada aldaketarik egin ez dotazioan, ezta orientazioan ere. Propaganda hutsezko adierazpenak dira, Novalen hitzetan.