Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan gero eta diru gutxiago dago zerbitzu publikoetarako

2017/11/13
ELAk Eusko Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuen balorazioa egin du gaur goizean Bilbon. ELAren esanetan aberastasunaren zati gero eta txikiagoa doa zerbitzu publikoetara eta gizarte prestazioetara. Aldiz, aurrekontuen ia %12a zor-publikoa ordaintzera bideratuko du. Ondorioz, aurrekontu hauekin arlo publikoak ekonomian duen presentzia mailaka gutxitzen da.

Adolfo Muñoz "Txiki" eta Mikel Novalek egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuen balorazioa. ELAko ordezkariek adierazi dute aurrekontu-proiektua azken urteetako aurrekontu murriztaileen ildo beretik doala. “Diru gehiago bideratu beharko litzateke zerbitzu publikoen kalitatea hobetu eta gizarte-prestazioen zenbatekoa gehitzeko”.

ELAren esanetan diru-sarrera handiagoak izan arren horrek ez du ekarriko zerbitzu publikoen hobekuntza bat. “Eusko Jaurlaritzak Rajoyrekin sinatutako akordioaren ostean zor-publikoa ordaintzearen irizpidea bat nagusitu da beste guztien gainetik. Eusko Jaurlaritzak propaganda kanpaina bat antolatu du herritarrei aurrekontuak zeinen onak diren azaltzeko, eta horretarako datuak era interesatuan ematen ditu, errealitatearen zati bat ezkutatuz”.

ELAren iritziz aurrekontuak ez dute balio izango zerbitzu publikoen kalitatea hobetu eta gizarte-prestazioen zenbatekoa gehitzeko. Era honetan, ezkerreko alderdien babesa jasotzea ez dela bidezkoa izango azpimarratu nahi du ELAk.

Irakurri Txostena