Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programa, propaganda hutsa

Irailaren 29an, Urkullu lehendakariak, Idoia Mendiarekin eta Arantza Tapiarekin batera, "EAEko ekonomia eta enplegua suspertzeko" berpiztu programa aurkeztu zuten. Aurkeztutako planak ez du inolako zehaztasunik; izan ere, Jaurlaritza ez da programa honen partida konkretuak zehazteaz arduratu. Gainera, adierazi du, beste erakunde batzuen ekarpenei irekitako plana izango dela, horrek ez du eragotzi 10.000 milioi euroko aurrekontua izango dela adieraztea. Kopuru borobila da, handia dirudiena, baina gaur egun Jaurlaritzaren programetan erabiltzen den aurrekontuaren estrapolazioa baino ez da. Beraz, ez du benetako aurrekontu-gehikuntzarik jasotzen.
PowerPoint baten aurkezpena izan da publiko egin den gauza bakarra. Honen arabera, planak bi jarduera-ardatz ditu: ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea. Ardatz horiek Next Generation EU Europako funtsekin lerrokatuta egongo dira (Ekonomia suspertzeari buruzkoa, Errekuperazio eta Erresilientziaren Europako mekanismoarekin, eta enplegua sortzeari buruzkoa, REACT-EU programarekin).
Jaurlaritzaren arabera, lehen ardatzean 7.935 milioi euroko aurrekontua egin da, horietatik ia 3.000 milioi euro azpiegitura publiko ekonomiko eta sozial berrietara bideratuko dira, eta 2.500 milioi ikerketa, berrikuntza eta eraldaketa digitalera.
-
Atal honetan ez da ezer zehazten, ez partida horiek nondik ateratzen diren, ezta zertara bideratu nahi diren ere. Hala ere, badugu Eusko Jaurlaritzaren jarduteko moduaren esperientzia, lankidetza publiko-pribatua du entseina, edo, bestela esanda, enpresa pribatuei diru publikoa ematea, inolako kontrolik gabe eta korporazio handientzako onura handiekin.
Bigarren ardatzean, 1.615 milioi euroko inbertsioa eta 135.000 lanpostu "sustatzea" aipatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, zifra hauen propagandaren atzean, lan-merkatuan dagoen prekarietatea sakondu duten enplegu-politika kontinuistak daude.
-
Lehenik eta behin, beharrezkoa da seinalatzea bigarren ardatzaren “enplegua sortzea” izendapenak duen tranpa. Errealitatea da, guztizko zifrak enplegu "sustatuei" egiten diela erreferentzia. Gobernuak hitz anbiguo hori erabiltzen du, zertaz ari den ondo ez dakiguna, gizarteari mezu faltsua helarazteko, planari esker enplegu horiek sortuko direla aditzera emanez. Argi geratzen da aurkezten duten desglosean horrela ez denik. Izan ere, adierazten da aipatutako guztizko kopurutik, "sustatutako" enplegu horietatik 41.150 enplegurako prestakuntza-ikastaroak egingo dituzten langileen kopuruari dagozkiola. Argi dago prestakuntzak ez dakarrela enplegua sortzea, eta ez dago egiaztatuta prestakuntza horietara jotzen duten langabeen zati handi batek gero benetan enplegua lortzen duenik.
-
"Sustatuko" diren beste 10.480 lanpostu Berpiztu programaren indarraldiko lau urte eta erdian lan-eskaintza publikoetara aterako diren plazei dagozkie (hau da, urtero 2.600 enplegu publiko baino ez dira eskainiko). EPEra plazak ateratzeak ez du esan nahi plaza berriak direnik. Are gehiago, egungo errealitatea eta beharrak ezagututa (behin-behineko langileen ehuneko handia, osasun eta hezkuntza arloko langile falta, erretiroak, etab.), eskaintza irrigarria da, sektore publikoan aldi baterako enplegua finkatzen ez duena eta orain arte egindako murrizketetan sakontzen duena.
Laburbilduz, berritzaile gisa aurkeztu duten arren, esan dezakegu programa kontinuista bat dela, 2017-2020ko planaren jarraipena. Izan ere aurrekoaren partidak berak jasotzen ditu. Egin duten gauza bakarra da urteko gastua hartu eta bider lau egin. Ez zaie falta izan diskurtso berria, eduki praktikorik gabea, baina politikoki zuzena den hitzontzikeria duena (ekonomia zirkularra, genero-berdintasuna, zaintza-eredu berriak, prekarietatea murriztea eta abar).
ELAtik berriz diogu beharrezkoa dela Jaurlaritzaren propaganda-politika horrekin haustea; izan ere, aurrekontu-sail berdinak behin eta berriz iragartzen dira, beste plan batzuetan jasotzen direnak, baina aurrekontuak handitu gabe, eta kasu batzuetan aurrekontu-programa horiek ere murriztuz. Politikak errotik aldatu behar dira, aurrekontua zeharo handituz. Hauek, zerbitzu publikoak eta gizarte-eskubideak hedatzen dituzten, kalitatezko enplegua sortzen duten zein prekarietatearen aurka borrokatzen duten politiketara bideratu behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da diru-bilketaren igoera handiari ekitea, zerga-iruzurraren aurkako borrokaren eta errenta handiei, enpresa-etekinei eta kapitalari ezarritako zergen igoeraren bidez.