Eusko Legebiltzarrak pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimena tramitera onartu behar du

2019/01/30
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegile bat sarrarazi du. Legebiltzarrean 2018 otsailaren 23an erregistratu genuen, eta abenduan jaso genuen behin-betiko oniritzia. 51.000 sinadura bildu ziren. Bada, orain, otsailaren 7an bozkatuko da Legebiltzarrean. ELAren ustez ikuspuntu demokratikotik begiratuta ez litzateke onargarria izango Eskubide Sozialen Kartaren HEL tramitatzeko aukera arbuiatzea.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoak gaineratu duenez, “tramitera onartu ez eta Jaurlaritzak HEL paretik kendu nahi badu bere lege-proposamena sartzeko, ez genuke bere jokoan sartu beharko. Talde progresistek EAJ eta PSE-EEren legezko proposamena guztiz arbuiatu beharko lukete, horren negoziazioari uko egin”.

Muñoarekin batera, arlo sozialeko arduradun Mikel Noval eta ikerketa bulegoko kide Janire Landaluzek hartu dute parte agerraldian.

ELA eta Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun beste organizazio sindikal eta sozialok urte luzez salatu ditugu murrizketak, baita horien aurka mobilizatu ere. Gogoratu beharrekoa da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa, 2008ko legearen arabera, 903 eurokoa izan beharko litzatekeela 2019an (hamabi pagatan, hots, Lanbide arteko Gutxiengo Soldataren %88), eta 1.050 eurokoa pentsiodunentzat (Lanbide arteko Gutxiengo Soldataren %100).

Eusko Legebiltzarrera eraman dugun Herri Ekimen Legegileak ezartzen duenez, DSBEaren zenbatekoa lanbide arteko gutxiengo soldataren %100 izan behar da (beraz, kolektiboen artean ez da desberdintasunik egon behar), hau da, 1.050 euro hamabi pagatan.

Irakurri txostena