Ezinezkoa da aldaketa soziala aurrera eramatea fiskalitatea aldatu gabe

Zergen bilketaren bilakaerari eta gaurko egoerari buruzko txostena aurkeztu du ELAk gaur goizean Bilbon. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval ikerketa bulegoaren arduraduna eta bertako kidea den Iñaki Zabaleta agertu dira.
Txostenaren aurkezpenean azaldu denez, azken urteetan injustizia fiskala areagotu egin da. Batetik, zuzeneko zergetan lan-errentei askoz karga handiagoa leporatzen zaielako enpresa- eta kapital-errentei baino; bestetik, aldea urtez urte handiagoa delako. Lan-errentek aitortzen dutena % 92,9a osatzen dute EAEn, eta % 91,8a Nafarroan. EAEn zerga honetan lan-errentek aitortutako batez-besteko sarrerak 23.522 eurokoak dira, hau da, enpresa- eta lanbide-jarduerak dituztenen ia bikoitza (13.654,8 euro). Aldea azken urteetan handitu egin da.
EAEko enpresen % 76,8ak Sozietateen Zergan galerak edota urtean 6.000 eurotik beherako etekinak aitortzen dute. Datu honek ere agerian uzten du soldatapekoak ez diren errentetan dagoen iruzur fiskal izugarria.
ELAren esanetan iruzur fiskalaren jazarpena funtsezkoa da. Sindikatuak fiskalitatearen debatea hauspotzen jarraituko du. Eta eutsi egingo die bere proposamenei: iruzur fiskalaren jazarpena eta azken hamarkadan errenta altuei zein kapitalei egin zaizkien jaitsierak bertan behera uztea. Era honetan, Muñozek salatu du zerga-politika patronalaren eta kapitalaren interesen arabera erabakitzen dela.
ELAko idazkari nagusiak gogoratu du EAJk bat egin zuela 2011n Zapateroren gobernuak eta PPk adostu zuten gastu arauaren aldaketarekin. Hala, zorraren ordaina bilakatu zen instituzio guztien lehentasuna, aurrekontuko beste sail batzuen kaltetan (esaterako, osasuna edota hezkuntza).