Ezkerrera birarik ez

2019/12/17
Genero ikuspegia txertatua izateagatik eta klima-aldaketaren ikuspegitik jasangarriak izan behar omen zuen aurrekontu proiektua, propaganda hutsa da.

Egindako analisiaren ondoren, ondoriozta dezakegu Eusko Jaurlaritzaren 2020rako aurrekontu proiektuak aurreko urteetako ildo berdina jarraitzen duela, eta Exekutiboak proposatzen zuen aldaketa ez dela inola ere islatzen aztertutako partidetan. Pedro Azpiazuk, idatzi baten bidez aurrekontu-programen generoaren garrantziaren zehaztasun bat eskatu zitzaionean, aitortu zuen "ez direla aurreko txostenen xehetasunekin egin, batik bat, aldaketa gutxi daudelako". Horretaz gain, proiektu honek are gehiago sakontzen du logika neoliberal eta antisozialean, kapitalari mesede egiten dion zerga-politika batean oinarrituta baitago, ziklo ekonomikoaren eta zorpetze-premiaren menpe uzten gaituelarik.

 

Ogasun Sailak 1.241 milioi eurotan zenbatu du soldata-arrakala murrizteko, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta berdintasunaren alde lan egitera bideratutako jarduketa. Adierazitako kopurua aurrekontu osoaren %10,5 bada ere, Eusko Jaurlaritzak ehunekoa handiagoa dela eman nahi izan du aditzera, zehazki, %19,5ekoa, era honetan informazioa manipulatuz. 1.241 milioi horietatik, Lakuako Exekutiboak aitortzen du 911 milioi ez daudela errealitatean genero-ikuspegiarekin diseinatuta, esatean, "etorkizunean jarduera horiek genero-ikuspegiarekin diseinatuta egotea ahalbidetuko duten jardueretarako" partidak direla.

 

Gainera, aurrekontu-proiektuak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak betikotzen ditu; izan ere, emakume horiek jasaten dituztelako neurri handienean gizarte-babeseko sistemaren eskasiaren ondorioak, zaintza-lanak beren gain hartu behar izanez (adibidez, mendekotasun-sistemen gabeziengatik, osasun-sistemaren arazoengatik, etab. larriagotzen direnak). Era berean, emakumeek gizonek baino pobrezia handiagoa jasaten dute, eta, beraz, gizarte-prestazioen murrizketetan sakontzeak gehiago eragiten die.

 

Horretaz gain, aurrekontuetatik nabarmendu ditzakegun alderdi nagusiak hauek dira:

 

  • Guztira, 11.774 milioi euroko aurrekontua du Jaurlaritzak, 2019ko itxiera aurreikuspena baino 306,7 milioi gutxiago. Beraz, aurrekontua %2,54 murriztu da 2019ko datuekin alderatuta.

  • Eusko Jaurlaritzak ekonomian duen pisua izugarri murriztu da azken urteotan. Eusko Jaurlaritzaren berezko funtzioak ordaintzera bideratzen den aberastasunaren zatia 2009an BPGren %15,6 izatetik 2020an %13 izatera pasako da.

  • Osasunera eta Hezkuntzara bideratutako gastu publikoaren pisua gero eta txikiagoa da. Europako azken postuetan gaude gai horietara bideratzen den aberastasunaren zatiari dagokionez. Europako batez bestekoarekin parekatzeko, 2020ko aurrekontua ia %50 hazi egin beharko litzateke osasunean, eta ia laurden bat hazi Hezkuntzan.

  • Aurrekontu-proiektuak DBEaren zenbatekoan murrizketa handiak jasotzen jarraitzen du, bai eta etxebizitza-politiketara aurrekontu guztiz eskasa ere.

 

Egungo egoerari aurre egiteko sektore publikoa funtsezkoa dela aitortzeko garaian erabateko adostasuna dago. Politika hauen funtsezko aldaketa bat beharrezkoa da, aurrekontu-politikak eta zerga-politikak aldatuz. Baina Eusko Jaurlaritzak errealitate hori alde batera utzi du aurrekontu proiektu honetan, eta gizarte-beharrei erantzuteko balio ez duen aurrekontu-proiektu bat aurkeztea erabaki du. Are larriagoa da politika hau dagoeneko bizi dugun dezelerazio ekonomikoaren aurrean.

Gauden errealitatea errotik eraldatu nahi dugun erakunde sindikal, sozial eta politikoek aurrekontu hauen aurka gaudela erakutsi behar dugu, haien izaera antisozial eta neoliberala azpimarratuz. Era berean, gure alternatibak mahai gainean jarri eta gizartea mobilizatu behar dugu, urtarrilaren 30eko greba orokorrari begira aurkeztu dugun Aldarrikapen taularekin egiten ari garen bezala.

Horren ordez, gobernuaren ideologia eta aurrekontu esparrua onartzen duten indar politikoak badaude (Podemosen aurtengo kasua dirudi) zerga-erreforma baten bidez baliabide gehiago lortzeari uko egiten diote, zorra ordaintzeari lehentasuna ematen diote, Aurrekontu eta Finantza Egonkortasunari buruzko Legearen aurrekontu-mugak ezartzen dituzte, hala nola gastu-araua, etab. Indar horien zeregina (milioi gutxi batzuen destinoa erabakitzen utziko zaie, 11.000 milioitik gorako aurrekontu batetik) bere esentziak bere horretan mantentzen dituen politikari gizarte berniz bat ematea bihurtzen da, azken honetan agerian geratu den bezala. Horrela jokatzeak sistemak asimilatzea dakar.