FISKALITATEA
Finantzen Euskal Kontseiluak berretsi du zerga erreformak mozkinen eta kapitalaren tratamendu pribilegiatuari eutsiko diola

Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek atzo baieztatu zuten onartu nahi duten zerga erreforma ez dela inora joango, eta ez duela barnebilduko zerga sistema eraldatzeko eta bidezkoa izateko ELAk proposatutako neurrietako bat ere.
Murgiak azaldu duenez, atzo Finantzen Euskal Kontseiluan jakitera eman zituzten aurreikuspenen arabera, 2025eko bilketa, termino homogeneoetan, %3,7 baino ez da haziko 2024ko bilketarekin alderatuta. Gainera, igoera hori PFEZn eta BEZan izatea espero da, batem ere langileek ordaintzen duden zergak, hain zuzen ere. Horrek adierazten du, ELAren ustez, oraindik aurkeztu ez den zerga erreformak bilketan eraginik ez duela izango. Sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradunaren arabera, datorren urtean zerga bilketa %3,7 haziko dela esateak suposatzen du enpresek dituzten mozkinengatik gehiago ez dutela ordainduko, eta PFEZn errenta ekonomikoei ematen zaien tratamendu bereiziarekin ez dela amaituko.
ELAk adierazi du egungo zerga sistemarekin jarraitu nahi dela, gutxi eta modu bidegabean biltzen duena. Hori dela eta, ELAk lanean jarraituko du zerga erreforma bidezko baten alde. ELAk egindako proposamena gorarazi du: Enpresek sozietateen gaineko zergan gutxienez mozkinen % 25 ordaintzea, errenta guztiek tratamendu bera izatea PFEZn, eta Ondarearen gaineko Zergaren tarifa bikoiztea.