Funts-putreak Iruñera eta Donostiara iritsi dira ehunka familiaren etxebizitzarekin negozioa egitera

2020/02/28
Soldata eta pentsio arrakalak alokairuaren prezioaren igoera are larriagoa egiten dute emakumeentzat.

 

Nafarroan ehunka familia igaroko dira alokairu babestua izatetik beren etxebizitza funts-putre baten menpe egotera, Testa Residencial. Horren arrazoia da funts-putreak etxebizitzak erosi izana, eraikin horiek etxebizitza babestutzat deskalifikatuta geratu ondoren. Bere garaian finantza-erakundeek sustatu zituzten etxebizitza babestuak dira, eta 20 urtez alokairu sozialera bideratzera behartuta zeudenak. Orain, ordea, kalifikazioa amaitu eta saldu edo alokatu egin ditzakete. Horrek suposatzen du han bizi direnentzat alokairuaren prezioa izugarri garestituko dela eta euren etxebizitzan jarraitu ahal izateko inolako bermerik ez daukatela, orain funts-putre horren esku baitaude.

Donostian egoera antzekoa da; izan ere, ehunka familia bizi diren 14 etxebizitza-bloke erosi dituzte Azora (alokairu sozialeko 3.000 etxebizitza baino gehiago erosi zituena Madrilen) eta Blackstonek funts putreek.

Ondorioa benetako hondamendia da. Etxe hauetan bizi direnei alokairua (alokairu babestua Iruñeko kasuan) igo egingo zaie, askok aurre egin ezingo dioten kopuru bateraino. Eta beste askori alokairu kontratua berritzeko aukerarik ere ez diete emango. Beraz, jende askok kalean ikusiko du bere burua, eta bestela, askoz gehiago ordaindu beharko du etxebizitza beragatik.

Egoera hori etxebizitza politikaren porrotaren ondorioa da, eta erakusten du etxebizitza ez dela eskubide bat, negozio bat baizik.

Nafarroako Gobernuak akordioa iragarri du funts putrearekin gehienez prezioa 650 euroraino igotzeko. Hau ez da inolako konponbidea arazo honi aurre egiteko. Familia horietako askok ezingo dute prezio hau ordaindu (igoera horrek orain arte askok ordaindu duten alokairua bikoiztea ekarriko du).

Gainera, soldata eta pentsio-arrakala direla eta, alokairuen igoerak genero-inpaktu izugarria du. Emakumeek diru sarrerak txikiagoak dituztenez, alokairuaren prezioa igotzeak ez ditu ondorio berberak. Hau da, soldata eta pentsio arrakala direla eta, alokairuaren prezioaren igoera are larriagoa da emakumeentzat.

Egoera horrek islatzen du norentzat egiten den etxebizitza-politika eta zer interes babesten diren: funts-putreek ia zergarik ordaintzen ez duten bitartean eta zerga-tratamendu pribilegiatua duten bitartean, baliabide gutxien dituen jendeak bere etxebizitza utzi behar du, edo askoz gehiago ordaindu behar du haren truke.

ELAk alokairuko etxebizitza babestuen parke publiko bat exijitzen du, etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea bermatzeko neurri gisa. Horrez gain, beharrezkoa da alokairu-prezioak kontrolatzeko neurriak ezartzea. Bestela etxebizitzak espekulaziorako tresna bezala hartzen dira eta ez oinarrizko eskubidetzat.