G-7aren aurka; eraldatze sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoaren alde

2019/05/24
Aurten ere munduko zazpi herrialde aberatsenetako gobernuak (Alemania, Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batukoak) bildu egingo dira beren nazioarteko politikak koordinatzeko asmoz. Oraingoan, hain zuzen, Euskal Herrian: abuztuaren 24 eta 26a bitartean goi-bilera Miarritzen izango da.

 

G-7 delakoak mundu guztian baldintzatu nahi ditu agenda ekonomiko eta politikoa, eta bere xedea da politika neoliberalei eustea munduak bere horretan jarrai dezan, hots, inoiz baino desberdintasun handiagoa nagusi izan dadin etorkizunean ere. Goi-bilera horrek ez dauka inolako legitimitate demokratikorik, baina urteroko bilera horiekin mundua gidatzeko asmo hori errepikatzen du.

ELAk G-7ari uko egiteko beste arrazoi batzuk badira:

  • G-7ak, Nazioarteko Diru Funtsak edota Munduko Bankuak bezalaxe, botere korporatiboa lehenesten du, giza-eskubideen eta eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoen gainetik. Zerbitzu publikoak negozio bihurtzen eta pribatizatzen jarraitu nahi dute, eta horretarako merkataritza akordioak hedatzen ari dira (EB eta Kanadaren arteko CETA; Japonia eta EB arteko JEFTA; edota TTIP, EB eta AEB negoziatzen ari direna).

  • Eskubide laboral eta sozialak murrizten jarraitu nahi dute, enpleguek eta pertsonen bizimoduak pairatzen duten prekaritatea areagotuz.

  • Ezarritako politikek emakumeak diskriminatzen dituzte, enpleguetan nahiz jendartean, zaintza lana ikusezin bihurtuz eta bere balioa gutxietsiz, bizitzaren erreprodukziorako ezinbestekoa den arren.

  • Miarritzen bilduko diren gobernuek ardura zuzena dute Europan eta Ameriketan migranteen eskubideak urratzen direnean. Politika hauek lotsarazi egiten gaituzte eta haien aurka ari gara egiten, adibidez maiatzaren 5ean Herrien Besarkada izeneko nazioarteko deialdiarekin bat egitean.

  • Goi-bileran ez da zinezko konpromisorik hartuko nazioarteko komunitate zientifikoak luzatzen dien eskari nagusia aintzat hartzeko: aldaketak errotik egin behar dira eta berehala, Lurraren etorkizuna arriskuan jartzen ari den klima aldaketari aurre egingo bazaio.

  • Agintari horiek batzarra uharte bihurtu nahi dute, inguruan duten mundutik guztiz aldendua. Horregatik egun horietan eta aurreko asteetan manifestazioak debekatu dituzte. Honek ere agerian uzten du euren joera autoritario eta antidemokratikoa.

Horregatik, ELAk salatu du G-7ak abuztuan egin nahi duen bilera, eta gogoratu du ekonomiaren eraldatze sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoa ezinbestekoa dela; honetarako, ezartzen ari diren politikak goitik behera aldatu behar dira, eta lehentasuna eman behar zaio bizitzaren eta planetaren etorkizuna bermatzeari.