LANGABEZIA DATUAK
Gazteak, pandemia aurretik baino okerrago

Hego Euskal Herrian 906 langabe gutxiago erregistratu ziren otsailean. Emakumeen artean, 210 langabe gutxiago zeuden; beraz, emakume langabeen ehunekoa %58,7ra igo zen, hau da, egoera horretan gizonak baino 24.159 emakume gehiago ziren otsailean. Bestalde, gazteek emaitza negatiboa izan zuten, langabeziaren hazkundea %2,3 hazi baitzen, aurreko hilabetean baino 282 langabe gehiagorekin. Nabarmentzekoa da gazteen langabeziak gora egin zuela iazko otsailarekin alderatuta, eta pandemiaren aurreko mailen gainetik kokatu zela. Hain zuzen, aurreko hilean 1.000 gazte langabe gehiago egon ziren pandemiaren aurreko mailan baino.
Lurraldeka, Nafarroan langabeziak aurreko hileko kopuru bera izan zuen. EAEn, berriz, langabeziak behera egin zuen pixka bat, eta 908 langabe gutxiagorekin itxi zen hilabetea. Europarekin alderatuta, HEHren langabezia-tasak Europako batez bestekoaren gainetik jarraitzen du, Hego Euskal Herrian tasa %9,9koa izan zen, Europar Batasuneko batez bestekoaren azken datua % 5,9koa da.
Otsailean egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %76,3 aldi baterakoak izan ziren, hau da, otsailean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren.