Gazteen arteko langabeziak %13 egin du gora azken urtean
Urrian 3.035 pertsona gehiago geratu dira langabezian, eta Hego Euskal Herrian 142.645 langabe daude guztira. Azken urtean, langabezian izena emandako pertsonen kopurua % 4,4 igo da (6.077 langabe gehiago). EAEn, 2.316 pertsona gehiago gehitu dira langabezia zerrendetara urrian. Nafarroan, berriz, 719 pertsonako igoera izan da. Guztira, emakumeak langabe guztien % 58,1 dira.
Azken hilabetean izandako igoera zerbitzuen sektorean pilatu da batez ere. Sektore horretan 1.446 langabe berri erregistratu dira, igoera osoaren ia erdia. Era berean, gazteen langabeziaren datuek bilakaera negatiboa erakusten dute. Gazteen arteko langabezia % 13 igo da azken urtean, eta 14.284 langabera iritsi da. Horrek agerian uzten du gazteen lan prekarietatea ez dela koiunturazko arazoa, egiturazkoa baizik.
2026an egindako kontratazioek prekarietatea eta behin-behinekotasuna berresten dituzte. Sinatutako kontratuen % 76,1 aldi baterakoak izan dira. Portzentaje hori oso handia da oraindik, eta agerian uzten du behin behinekotasunak ez duela behera egin.
Enpleguaren datuak ez dira positiboak, eta joera kezkagarria berresten dute. Gazteen langabeziaren igoerak eta kontratazioaren kalitatearen okertzeak, behin behinekotasuna oso maila altuetan mantentzen den bitartean, gazteen bizi baldintza material prekarioak areagotzen dituzte. Horri etxebizitzaren arloko larrialdia gehitu behar zaio, horri erantzuteko, azaroaren 11n Greba Orokorra egingo da.