genero diskriminazioa
Genero-diskriminazioa soldata-arrakalaz harago

Oihartzun publiko handiena duen arrakala soldatarena da. INEren azken datuen arabera (2022. urtea), % 16,5 da EAEn eta % 18,5 Nafarroan. Azpimarratu nahi genuke arrakala are handiagoa dela emakume migratuen edo arrazializatuen kasuan. Egia da arrakala horrek behera egin duela azken urteetan, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoeragatik eta sektore feminizatuetako borroka sindikalagatik (sektore horiek dira prekarioenak). Hala eta guztiz ere, soldata-arrakalak Europako batez bestekoa baino bost puntu handiagoa izaten jarraitzen du. Ildo horretan, ELAk planteatzen duen gutxieneko soldataren igoerak eragin positiboa izango luke soldata-arrakalaren murrizketan.
Hala ere, genero-diskriminazioa ez da hor amaitzen. Beste adierazle batzuk aztertuz gero (INEren Biztanleria Aktiboaren Inkestatik lortutako datuak), ikus dezakegu emakumeek lan-munduan duten egoera askoz ere prekarioagoa dela. Emakumeek % 29,9ko partzialtasuna dute EAEn eta % 22,3koa Nafarroan; gizonen partzialtasuna, berriz, % 8,2koa eta % 5,2koa da, hurrenez hurren. Datu horiek agerian uzten dute zaintzen zama emakumeen gain dagoela, beren karrera profesionala mugatuz (horrek ondorioak ditu beren diru-sarreretan).
Gauza bera gertatzen da kontratuen behin-behinekotasunean; izan ere, aldi baterako kontratuen tasa % 24,8ra igo zen 2024an, eta gizonena, berriz, % 14ra. Gainera, egoera horrek nabarmen egin du okerrera azken urtean, emakumeen behin-behinekotasuna 2,6 puntu igo baita; gizonena, berriz, % 3,6 murriztu da.
Sinatutako kontratuei dagokienez, emakumeek askoz ere ehuneko txikiagoa izan zuten lanaldi osoko kontratuetan ( % 53,2) gizonekin alderatuta (% 70,9). 2024an emakumeek sinatutako kontratuen % 42,4 lanaldi partzialekoak izan ziren, eta % 4,3 aldizkako kontratu finkoak.
Kasu askotan, arrakala horiek emakumeek betetzen dituzten lan moten araberakoak dira, ez baitira balioan jartzen beste lanbide batzuekin gertatzen den bezala. Ez dezagun ahaztu emakumeak gehiengoa direla zerbitzuen sektorean ( % 85), soldata baxuagoekin eta lan-baldintza prekarioagoekin. Antzeko egoera duten zaintza-lanetan ere aritzen dira. Emakumeek industrian duten pisua askoz txikiagoa da ( % 8,1 EAEn eta % 16,7 Nafarroan).
Era berean, lan mota horien antolaketari erreparatu behar diogu; izan ere, emakume langileak, batzuetan, bakarrik ari dira lanean, eta oso atomizatuta daude. Hau da, antolaketa sindikala zailagoa da sektore maskulino tradizionaletan baino, hala nola industrian, non langile guztiak lantoki berean dauden. Kasu horretan, etxeko langileak dira kaltetuenak.
"Pobreziaren feminizazioa" deritzonaren aurrean gaude, hau da, prekarietate edo lan-pobrezia handiena erakusten duten adierazle guztiek astintzen dituzte, batez ere, sektore feminizatuak eta baita arrazializatuak ere (zaintzak, garbitasuna, etab.).