Gizarte babesera bideratzen den aberastasunaren zatia Europar Batasunaren bataz bestekoaren oso azpitik dago

2019/03/14
ELAren azterketa bulegoak aurkeztu duen txosten batek jasotzen duenez, Hego Euskal Herriko gizarte babesaren ehunekoa Europar Batasunaren oso azpitik dago. Gainera, tartea gero eta handiagoa da.

IRAKURRI TXOSTENA

Mikel Noval eta Xabi Zabala izan dira txostena aurkeztu dutenak. "Gizartea babesteko sistema arau jakin batzuen multzoa da, erakunde baten edo batzuen laguntzaz, gizarte-prestazioak eta haien finantzaketa kudeatzen duena. Aberastasunaren banaketa zuzen baterako erabat beharrezkoa da politika publikoen erabilera egokia izatea. Sistemak eragiten dituen desberdintasunak murrizteko tresna garrantzitsua da, beraz, gizarte babesa. Horregatik, nahitaezkoa da bideratzen diren baliabide ekonomikoak aztertzea".

Eustaten datuen arabera, babes sozialera bideratutako baliabide ekonomikoak 17.870 milioikoak izan ziren 2017. urtean, hau da, BPGaren %24,2.

Gizarte-babesera bideratutako aberastasunaren zatiak beheranzko joera izan du azken bost urtetan EAEn. Bideratu den BPGren zatia gutxitu egin da 2016etik 2017ra %0,2 eta are gehiago 2013tik, %25,8tik %24,2ra igaroz. Hala bada, bistan dago instituzioek gero eta garrantzia txikiagoa ematen diotela gizarte babesari, eta hortaz, behar izan handienak dituzten pertsonei.

Azterketa bulegoko kideek azpimarratu dutenez, txosten honetan eskainitako datuak eta administrazioek saltzen diguten diskurtsoa ez datoz bat. "Hego Euskal Herriko gizarte babesera eskainitako BPGren ehunekoa Europako herrialdeena baino askoz baxuagoa da. Batez besteko gizarte babes maila Europan BPGren %28,1ekoa izan zen 2016an, EAEn baino 3,7 puntu gehiago. Frantziar estatua bezalako herrialdeekiko aldea dexente altuagoa izan zen, 10 puntukoa hain zuzen, hau da 7.175 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke herrialde horren mailara heltzeko".