Gizarte justizia nahi badugu, ezinbestekoa da zor publikoaren inguruko eztabaida

2017/04/19
Comptos Ganberak Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako enpresa publikoen zorraren bilakaerari buruzko txostena egin du. Zor publikoaren errealitate gordin eta larria agerian uzten duen txostena.

Hauek dira Comptos Ganberak azpimarratu dituen zenbait gauza:

Zor publikoa:

Nafarroako zor publikoa 3.322 milioi eurotakoa da, BPGren %18,3. 2007 eta 2015 epealdian 645 milioi eurotik 3.322 milioi eurotara pasa da.

Honen arabera, nafar bakoitzak 5.187 eurotako zor publikoa du.

2015ean Nafarroako Gobernuak 108 milioi euro ordaindu zituen zorraren interesetan bakarrik, eta herritar bakoitzak 648 euro ordaindu zituen interes eta zor publikoan.

 Zor publikoa ondorengoetara bideratu da:

1. Zor gehiago hartu aurreko zorrak ordaintzeko

2. Defizita ordaintzeko (2015eko defizita 163 milioi eurotakoa izan zen)

3. AHTaren obrak ordaintzeko

Enpresa publikoen zorra:

Nafarroako enpresa publikoek 317 milioi eurotako zorra zuten 2011n (azken datua). Azpimarratzekoak dira Los Archos-eko zirkuitoaren 33,7 milioietako zorra, Tuterako “Ciudad Agroalimentaria”-ren 54,7 milioi eurotako zorra, edo Sodena-ren 128 milioietako zorra

Nafarroako Gobernuak emandako abalak

Nafarroako Gobernuak 149 milioi eurotako abalak eman ditu, besteak beste, 11,2 milioi Osasunari, 22,8 milioi Los Arcos-eko Zirkuitoari eta 102 milioi euro Sodenari (Moderna Planaren baitan zenbait enpresek jasotako maileguen gaineko abalak)

Azken urteetan zor publikoa boskoiztu egin da. Eta herritarren artean ordaintzen dugun zama hori (guk ordaindutako zergen kontura, guk jasandako murrizketekin eta gure kaltetan egindako politikekin), gutxi batzuen mesedetan izan da.

Zor publikoaren hazkunde izugarri honek desberdintasun sozialak areagotzen ditu bankuen, erakunde finantziero eta azpiegitura erraldoiak eraikitzen dituztenen mesedetan, eta gainontzekoen kaltetan. Kapitalismoaren aurpegi bortitzena da. Klase borroka da.

Horregatik, beharrezkoa dugu zor publikoaren eztabaidari aurre egitea. Herriaren interesen aurka hartutako zorra ez dugula ordainduko esateko. Zor publikoa ikuskatu eta honen gainean erabakitzeko.