Gizarte Segurantzaren transferentziak ez ditu langile-klasearen beharrizanak asetuko

2017/10/23
ELAren aburuz formula konkretua edozein dela ere, oraingo Eusko Jaurlaritzak atzera egin du Lakuak betidanik aldeztu izan duen posizio politikoarekiko. Erabaki den Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketarekin, zerbitzuak antolatu eta administratu ordez leihatila hutsa baino ez litzateke izango. Kotizazioen eta pentsioen kontrolak espainiar estatuaren esku jarraituko luke. ELAK pentsioak hobetzea, batik bat apalenak, eta haien erosteko ahalmena bermatzea ekarriko lukeen trasferentzia eta ez erdipurdikoa aldarrikatzen du.

Katalunian gertatzen ari denak izan ditzakeen ildoak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk esan dute Gizarte Segurantzaren transferentzia dela Rajoyren Gobernuari aurrekontuetan babesa ematen jarraitzeko baldintzetako bat.

Autonomia Estatutuak dio Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa dela, besteak beste, EAEri Gizarte Segurantza arloan dagozkioen eskumenetako bat. Eusko Jaurlaritzak 2017ko irailaren 22an Madrilera bidali duen transferentziei buruzko txostenak hau esaten du: “Gizarte Segurantza arloan EAEri dagokio Estatuko oinarrizko legedia garatu eta betearaztea, haren erregimen ekonomikoa taxutzen duten arauak salbu, eta Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketa (…) Hartara, Autonomia-Erkidegoak horrekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal izango ditu (...)”.

EAJk eta PSE-EEk gobernua osatzeko sinatu zuten akordioan transferentziaren aldarrikapena mugatzen zen Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketara (alegia, kotizazioak bildu eta prestazioak ordaintzera), eta zehazten zen “kutxa bakarra” delakoa hautsi gabe egingo zela. Ez da erraza erabakitzen zer planteatzen den benetan. Baina aipatutako transferentzien txostenak posizio horixe islatzen du: egiteko modua litzateke “erakunde autonomikoa Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ordez subrogatuta”. Beraz, egungo egoerarekiko aldaketa bakarra litzateke bulegoetan errotulu berriak paratzea, besterik ez.

Baina formula konkretua edozein dela ere, oraingo Eusko Jaurlaritzak atzera egin du Lakuak betidanik aldeztu izan duen posizio politikoarekiko:

 

Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak eta Janire Landaluze, ikerketa bulegoko kideak Bilbon eskainitako prentsaurrekoan azaldu dute Gizarte Segurantzaren trasfeferntziaren aurrean  ELAren iritzia.

Oinarrizko legediaren garapen eta betearaztea ahaztu egiten du. Erabaki den Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketarekin, zerbitzuak antolatu eta administratu ordez leihatila hutsa baino ez litzateke izango. Kotizazioen eta pentsioen kontrolak espainiar estatuaren esku jarraituko luke.

Honek ez dauka zerikusirik Ekonomia Itunaren sistemarekin; honen arabera diru-sarrerak (kotizazioak) berton egin beharko lirateke, baita prestazioen ordaina ere. Kutxa bakarra ontzat ematean Gizarte Segurantzan Ekonomia Ituna baztertzen da.

Badakigu, aurreko esperientzietan hala gertatu baita, arlo baten transferentzia kudeaketara mugatzen denean, hutsala dela hari buruzko gaitasuna Madrilen esku geratzen denean. Gogoratu enplegu-politika aktiboekin gertatu zena: Erdizkako transferentzia izan zen; espainiar estatuak erabakitako eredu eta politikak bertatik kudeatu besterik ez dira egiten. Honek etengabe arazo larriak eragin ditu bera kudeatzerakoan eta, horrenbestez, jendearen beharrizanak asetzen ez dituzten enplegu-politikak.

Gainera, beste bi kontu ere aipatu behar dira. Lehena, engainua da sinestaraztea autogobernua hobetu egiten dela horrelako akordioekin:

Lehenik, “lorpen” edo transferentzia hori zerbaiten truke iritsi dela izkutatu nahi da, kasu honetan ustelkerian murgilduta dagoen gobernu baten aurrekontu-politika antisozialari babesa ematearen truke, gainera bete-betean estatu autoritario baten tankerako dinamikan sartuta dagoelarik (Katalunian gertatu dena horren adierazgarri).

Bigarrenik, ez delako egia eskumenetan aurrera egiten denik; benetan kontrakoa gertatzen da. Gizarte Segurantzaren logoaren ordez Jaurlaritzarena jartzea ez da inolako aurrerapidea. Baina gainera, aspaldian ari gara pairatzen birzentralizatze politikak, oinarri-legeak edota Auzitegi Konstituzionalaren erabilpena “euskal erakundeak botere zentralaren laguntzaile huts bihurtzeko”. Esaldi hau ez du ELAk bota, irailaren 22an Eusko Jaurlaritzak baizik; haatik, gobernuak ez du bere agirietatik ondoriorik ateratzeko asmorik.

ELAk honakoa eskatzen du:

Gizarte Segurantzako politikei buruz benetan erabakitzeko ahalmena izatea; ez dugu erdipurdiko transferentzia baldintzaturik nahi. Aspaldidanik galdegin izan dugu Euskal Herrian bizi garenon eta lan egiten dugunon bizi- eta lan-baldintzak berton erabaki behar direla. Horrek eskatuko luke eskumen betea izatea pentsioei, eskubide laboral eta sozialei buruz erabakiak hartzeko.

Pentsioak hobetzea, batik bat apalenak, eta haien erosteko ahalmena bermatzea. Hemen hartu nahi ditugu erabakiak pentsio-sistemaren erreformetan ezarri diren murrizketa eta mozketak bertan behera gera daitezen, horiek gero eta gehiago aldentzen baikaituzte bizimodu duina egin ahal izateko diru-sarrera nahikoak bermatzeko helburutik.

Ekonomia Itunean ezarritako irizpideak aintzat hartu behar dira, eta hori soilik posible izango da euskal erakundeek kudeatzen badituzte baliabide ekonomikoak.