Desberdintasun soziala

Gizonen eta emakumeen batez besteko errentaren arteko aldea handitu egin da Nafarroan

2023/06/12
Errentari buruzko inkesta argitaratu berri da, eta urteko batez besteko errenta erakusten du, sexua, adina edo bizi den lekua bereizita. Estatistikak erakusten du 16 urtetik beherako 3 pertsonatik 1 pobrezia arriskuan dagoela, eta pertsona bakoitzeko urteko batez besteko errenta ia 2.500 euro txikiagoa dela Erriberan Nafarroako erdialdean baino.

 

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) urteko batez besteko errenta garbiari buruzko estatistika argitaratu berri du pertsonako eta kontsumo unitateko, adinaren eta sexuaren arabera. Datu horiek agerian uzten dute Nafarroako desberdintasun soziala, eta erakusten dute sexuak, adinak eta bizilekuak zerikusi handia dutela errenta mailarekin.

Pertsonako batez besteko errenta, 2021ean (azken datua), 14.048 eurokoa da, 342 euro gehiago gizona bazara, eta 337 euro gutxiago emakumea bazara. Gainera, errentan dagoen alde hori handitu egin da azken urteetan. 2021ean gizonen errentaren (batez besteko errentaren %102,7) eta emakumeen errentaren ( % 94,9) arteko aldea 2013an (Nastaten webgunean argitaratutako daturik zaharrena) zegoenarekin alderatzen badugu (gizonen errenta batez besteko errentaren % 102 zen urte horretan, eta emakumeena, berriz, % 96,2), arrakala handitu egin da. Hau da, desberdintasuna handiagoa da.

Pobrezia arriskuaren tasa %21,7koa da, hau da, 5 pertsonatik 1 pobrezia arriskuan dago Nafarroan. Tasa hori % 30,6ra igotzen da 16 urtetik beherakoen kasuan, eta %23ra emakumeetan.

Eremuak ere eragina du. Nafarroako erdialdeko batez besteko errenta 15.345 eurokoa da, eta Tuterako Erriberako batez besteko errenta 12.795 eurokoa.

Desberdintasunetatik eta pobreziatik elikatzen den sistema kapitalista baten aurrean, borroka sindikala eta zerbitzu eta prestazio publikoen defentsa berdintasun sozial handiagoaren aldeko borroka da.