Hego Euskal Herria Europan langabezia tasa altuenetarioa duen lurraldea da

2018/10/25
2018ko hirugarren hiruhilekoan 126.100 langabetu izan dira Hego Euskal Herrian, azken hiruhilekoan 9.700 pertsonatan jaitsi ondoren. Baina langabetu kopurua jaitsi izanak ez du suposatzen enplegua neurri berean sortu denik, kontrakoa baizik. Izan ere, enplegua dutenen kopurua 7.400 pertsonatan jaitsi da azken hiruhilekoan. Langabetuen kopurua jaistea biztanleria aktiboaren jaitsieragatik ere eman da (enplegua dutenek eta enplegua modu aktiboan bilatzen dutenek).

Hego Euskal Herria Europan langabezia tasa altuenetarikoa duen lurraldea da oraindik ere, soilik Italiak, Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa. 28-EBeko bataz besteko langabezia tasa %6,8koa den bitartean, hemen %9,5eko langabezia tasa dugu.

Sortzen den enpleguaren kalitatea ere prekarioa da. Honen erakusle da behin-behinekotasuna 19.000 pertsonatan hazi dela azken urtean, soldatapekoen 4tik 1ek behin-behineko kontratua duelarik (emakumeen kasuan % 27,4ak). Eta enplegua dutenen % 14,8ak jardunaldi partziala du, %24,3ak emakumeen kasuan.