ENPLEGUA
Hego Euskal Herrian langabeziaren igoera eta okupazioaren jaitsierarekin itxi zen 2024 urtea

Enpleguaren beherakada hori EAEn gertatu zen, 43.400 landun gutxiago izan baitziren; Nafarroan, berriz, 16.200 gehiago izan ziren. Emakumeen artean 1.200 okupatu gutxiago izan ziren, eta gizonen artean 26.000 gutxiago. Sektore guztietan, industrian izan ezik, murriztu egin zen landunen kopurua. Eraikuntza eta nekazaritza izan ziren kaltetuenak, 19.000 eta 5.600eko jaitsierarekin, hurrenez hurren; industrian ere enpleguak behera egin zuen (-6.500).
Gainera, enpleguen prekaritateak joera orokorra izaten jarraitu zuen. Lanaldi osoko enpleguak 37.900 gutxitu ziren. Handitu zena lanaldi partzialeko enplegua izan zen, bereziki emakumeen artean. Emakumeen artean partzialtasun-tasa %28,1era iritsi zen, azken urteetako tasarik altuena. Kontratuen behin-behinekotasun tasa %20tik % 19,4ra jaitsi zen iaz. Aipatu behar da 2022ko azken hiruhilekoaren ia berdina izan zela, %19,7koa zen garai hartan. Bestalde, garrantzitsua da adieraztea tasa hori 5 puntu baino ez dela murriztu 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta. Alde horretatik, emakumeek prekaritate handiagoa pairatzen dute; izan ere, behin-behinekotasun-tasa %24,8ra igo zen, eta gizonena, berriz, %14. Gainera, egoera horrek nabarmen egin zuen okerrera azken urtean; izan ere, emakumeen behin-behinekotasuna 2,6 puntu igo zen, eta gizonena, berriz, %3,6 murriztu. Azpimarratzekoa da sektore publikoko tasak balio altuetan jarraitu zuela, batez ere EAEn, %41,1era iritsi baitzen.
Langabeziak ere ez zuen datu positiborik izan iaz. HEHk 109.700 langaberekin itxi zuen urtea Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino 9.000 pertsona gehiagorekin. Igoera hori gizonen (+11.000) eta gazteen (+2.700) artean gertatu zen; emakumeen artean, berriz, pixka bat jaitsi zen (-1.900). Langabeen kopuruaren hazkundearen ondorioz, HEHko langabezia-tasa %7,1tik %7,8ra igo zen (%7,6 emakumeen artean eta %8 gizonen artean). Azkenik, gazteen egoera prekarioa aipatu behar da; izan ere, gazteen langabezia-tasak gora egin zuen berriro, %23ra iritsiz.
Datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. 2024an urte arteko saldoa negatiboa izan zen, bai langabeziari dagokionez, bai enpleguko okupatuen kopuruari dagokionez. Gainera, prekaritatea ez da desagertzen, guztiz kontrakoa baizik. Horren adierazle da partzialitatearen eta behin-behinekotasunaren hazkundea emakumeen artean. Gogora dezagun prekaritateak neurri handiagoan eragiten dietela emakumeei eta kolektibo zaurgarrienei.