Ia 100 ekonomialarik EBko herrialdeekin duen zor publikoa baliogabetzeko eskatu diote EBZri

2021/03/01
Europako zor publikoaren %25 inguru Europako Banku Zentralaren esku dago, hau da, gure zorraren %25 geure buruari zor diogu.

Ia 100 ekonomialari ezagunek Europar Batasuneko herrialdeek erakunde horrekin duten zor publikoa kitatzeko eskatu diote EBZri. Izan ere, Euroguneko zor publikoaren %25 haien esku dago. Manifestua sinatu dutenen artean, Thomas Piketty, Eric Toussaint, Juan Torres, edo PSOEko eta Podemos alderdiko kideak daude, Cristina Narbona eta Nacho Alvarez Estatuko Gobernuko Ekonomia idazkaria hain zuzen ere.

Europak erantzun eskasa eman dio COVID-19ak eragindako krisi sozial, ekonomiko eta kulturalari aurre egiteko, eta 300.000 milioi euro baino ez ditu eman diru-laguntzetan, Europako Parlamentuak eskatutako 2 bilioien aldean. Zor publikoaren zati bat barkatzea ez da gauza xume bat, eta aurrekariak egon badaude historiako aparteko une batzuetan. Adibidez, Alemaniari 1953an bere zor publikoaren bi heren barkatu zitzaion eta horrek oparotasun ekonomikora itzultzea ahalbidetu zion. Orain ezohiko une batean gaude, eta komeniko litzateke irtenbide bera aukeratzea.

Proposamena argia da: EBko estatu kideen eta EBZren arteko kontratu bat egin daiteke, non bankuak zorrak barkatzeko edo betiko zor bihurtzeko konpromisoa hartzen duen (inoiz itzuli behar ez direnak), estatuek benetako berreraikuntza ekologiko eta sozialean kopuru berberak inbertitzeko konpromisoa hartzen duten bitartean. Europako Banku Zentralak bere gain har dezake ekonomikoki, eta Europako legediak ez du berariaz debekatzen zorra baliogabetzea. Borondate politikoko kontua da, Europa mailan gertatzen diren zailtasun juridiko asko akordio politikoekin gainditu baitira.

Hori gertatuko balitz, Europako Banku Zentralak ez luke erabaki beharko barkatutako dirua zertan inbertitu, baizik eta erantzukizun hori gobernuek eurek izan beharko lukete, haiek erabaki dezaten nola heldu gai ekologiko eta sozialari. Proposamen horrez gain, bestelako neurriak eskatzen dituzte zorraren eta defizitaren irizpideen erreformari, protekzionismo ekologiko eta solidarioari edo desparekotasun-maila murrizteko erreforma fiskalei dagokienez. Europako gobernantza berri bat ere eskatzen da, batez ere zergen arloan; izan ere, une honetan, gai horretan edozein erreforma egiteko, beharrezkoa da estatuen erabateko adostasuna, eta horrek zaildu egiten du aldaketa garrantzitsuak gertatzea.

EBZk eta status quo neoliberalaren defendatzaileek proposamen horiei erantzun azkar eta sendoa eman diete. Legez ezinezkotzat eta kaltegarritzat jo dute. Erakunde horren arabera, EBko Itunaren 123. artikuluak debekatu egiten du EBZk estatuen aurrekontua zuzenean finantzatzea, eta zorra kitatzea hori izango litzateke. Zorra barkatzeak bankuaren izen onari eta sinesgarritasunari kalte egingo liokeela ere argudiatu du.

ELAtik behin eta berriz kritikatu dugu EBren Tratatuaren 123. artikuluak dakarren zentzugabekeria; izan ere, estatu kideen zorrak kitatzen ez uzteaz gain, ez du aukerarik ematen EBZk herrialdeak zuzenean finantzatzeko krisi-garaian, eta dirua bankuen esku jarri behar da beti, gero bankuek finantza ditzaten herrialdeak interes handiagoarekin. Gainera, beti babestu ditugu zor publikoa berriro negoziatzeko edo kitatzeko proposamenak, batez ere zor publikoa legez kanpokoa denean, zor publikoa ordaintzera bideratutako gastuak zuzeneko ondorioak baititu gastu sozialaren murrizketan.