Irabaziak bikoiztu dituzte enpresek; ia ez da erosahalmena berreskuratu
Gizarte desberdinkeriari eta soldatei buruzko txostena
Soldata, desberdintasunen eta hazkunde ereduaren inguruko eztabaidarako oinarri enpiriko sendoa duen txostena aurkeztu du ELAk. Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunaren arabera, txostenaren ondorioak sendoak dira hainbat iturritan oinarritzen direlako eta guztiek norabide bera adierazten dutelako: Soldatak ez igotzeak gizartean desberdintasunak handitzea eragiten duela.
Dokumentuak ondorioztatzen du aberastasunaren banaketa desorekatua dela. Soldatak ia geldirik dauden bitartean, enpresa irabaziak nabarmen hazi dira: enpresen mozkin-marjina %7,5etik (2015) %13,2ra igo da 2024an.
Murgiak adierazi du 2010 eta 2012an Espainian onartutako lan-erreformek “langile klaseak oraindik berreskuratu ez duen soldata galera” eragin zutela. Sindikatuaren arabera, erreforma horiek soldaten pisua ekonomian 1.940 milioi euro murriztu dute 2008tik, eta horrek hazkunde ekonomikoaren zatirik handiena enpresen esku geratzea eragin du.
Horren ondorioz, datuen arabera, HEHko biztanleriaren %50ek 25.582 eurotik beherako soldata zuen 2022an.
Nola handitu diren enpresen irabaziak
Roser Espelt ekonomialariak azaldu du enpresek bi etapatan mantendu dituztela mozkin-marjinak: 2008 eta 2018 artean soldatak murriztuz edo eutsiz, eta 2019 eta 2024 artean kostuen igoerak azken prezioetan barnebilduz, besteak beste Ukrainako gerraren ondorioz.
Ondorioz, enpresen mozkinak diru-sarreren gainean %7,47tik (2015) %13,24ra igo dira 2024an. Hau da, “ekonomia hazi da, baina enpresak izan dira onuradun nagusiak”.
Soldata-arrakala
Egiturazko arazoak azaleratzen dituen soldata arrakala dago oraindik: emakumeek gizonek baino %12,8 gutxiago irabazten dute EAEn eta %20,7 gutxiago Nafarroan. Jatorriari dagokionez, atzerritarrek %36,9 gutxiago kobratzen dute EAEn eta %27,4 gutxiago Nafarroan.
Desberdintasun horiek kontratu motarekin, lanaren iraupenarekin eta lan egiten den sektorearekin lotuta daude. Azken urteetako Gutxieneko Soldataren (LGS) igoerak aldeak murrizten lagundu badu ere, ELAk uste du ez dela nahikoa arrakalak guztiz ezabatzeko.
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azpimarratu duenez, oraindik alde handia dago gehien eta gutxien irabazten dutenen artean: “soldata altuena duten pertsonen %10ak soldata baxuena dutenen %10ak baino lau aldiz gehiago irabazten du”.
Gutxieneko soldata eta lan-esparru propioa
Egoera laburbildu du Lakuntzak: 2008tik ekonomia %22,5 hazi da, baina soldatak %2,9 besterik ez dira igo, hau da, 15 urtean soilik 838 euro gehiago. Lakuntzaren arabera, datu horiek erakusten dute enpresek ia bikoiztu egin dituztela mozkin-marjinak, langile klaseak erosteko ahalmen gutxi berreskuratu duen bitartean: “Aberastasunaren banaketa gero eta okerragoak erakusten du langile-klasearen aurkako lapurreta antolatu baten aurrean gaudela.”
Lakuntzak azaldu duenez, “Ezarri zaizkigun lan-erreformen helburua prekarietatea zabaltzea izan da, enpresen etekinak handitzeko”. Erreforma fiskal batekin batera, aberastasuna hobeto banatzeko bi aukera proposatu ditu ELAk: lan-harremanen esparru propio baten alde lan egitea eta lantoki bakoitzean botere sindikala indartzea.
“Madrildik inposatzen den lan harremanen markoa” gainditzearen alde egin du, eta Hego Euskal Herriarentzat gutxieneko soldata propioa behar dela defendatu du, bizi baldintzak hobetu eta aberastasuna hobeto banatzeko. Testuinguru horretan, ELAk martxoaren 17rako deitutako greba orokorraren garrantzia azpimarratu du: "LGS esparru propio baten aldeko borroka horren parte da. Subiranotasun handiagoa planteatzen dugu prekarietatea murrizteko"; eta gaineratu du "UGTren eta CCOOren jarrera zentralistak patronalari bakarrik egiten diote mesede ".
2025eko urtekaria: ia 100 garaipen sindikal
ELAk 2025eko Urtekaria ere aurkeztu du: “Langileria antolatuz, gizartea eraldatzen dugu. Más sindicato, más victorias, más vida”. Argitalpenak 2025ean lortutako 91 garaipen sindikal jasotzen ditu. 105.000 ale argitaratu dira eta afiliatuen etxeetara bidali dira.
Lakuntza-k azpimarratu du sindikatuak langileen bizi-baldintzak hobetzen laguntzen duela, Madrildik inposatutako arau-esparruari aurre eginez. “Garaipen horiekin, ELAk lan harremanen berezko esparru baten alde egiten du, praktika sindikalaren bidez”.
Urtekaria hilabeteka antolatuta dago eta ia 100 garaipen sindikal biltzen ditu, protagonisten elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak eta zerbitzu juridikoak), gatazka eta akordio bakoitzaren oinarrizko datuekin, argazkiekin eta sindikatuaren eraginkortasuna azaltzen duten gako-datuekin: aurrekontu-sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia-kutxaren indarra (2025ean 3.991 lagunek jaso zuten) eta afiliatuei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.)