Irailean sinatutako kontratuen %9,5 bakarrik izan ziren lanaldi osoko kontratu mugagabeak

2022/10/04
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dute desenpleguak behera egin duela irailean enplegu prekarioaren kontura Bizi dugun ziurgabetasun egoerak arnasa eman dio desenplegu datuei EAEn; Nafarroan, berriz, gora egin du langabetuen kopuruak, abuztuan izandako beherakadaren ondoren. EAEn 2.708 langabetu gutxiago daude (-%1,83); Nafarroan, aldiz, 227 gehiago (+%0,73). Hala, langabezia tasa %9,9koa da, EBn baino ia lau puntu handiagoa, abuztuan %6koa izan baitzen.

Emakumeen artean ere desenpleguak behera egin du, oraingoan 862 pertsona gutxiago; hala ere, enplegu gabezian dauden emakumeen proportzioa %58,6raino igo da. Bestalde, Hego Euskal Herrian erregistratutako enplegu gabeziak behera egin du sektore guztietan; balio erlatiboetan, nekazaritzak izan du jaitsierarik handiena (%-6,4), eta ondoren eraikuntzak (%-5).

Kontratazioaren datuek desenpleguaren datuekin kontrastatzen dute, sinatutako kontratu berrien kalitatea ez baita ona. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %71 aldi baterakoak izan ziren, hau da, irailean sinatutako lau kontratutik ia hiru aldi baterakoak izan ziren Hego EHn.

Bestalde, Lanbideren arabera, irailean sinatutako hasierako kontratu mugagabeen %36 bakarrik izan ziren lanaldi osokoak EAEn, hau da, sinatutako kontratuen %9,5 bakarrik izan ziren lanaldi osoko mugagabeak. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baieztatzen duen datu bat da, Estatuan, hasierako kontratuen %15 mota horretakoak izan ziren.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru batean gaude, non langile klasea pobretze prosezuan aurkitzen da, Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude, asko soldata baxuekin eta laneko segurtasun faltarekin. Egoera horren aurrean, antolakuntza eta mobilizazioa beharrezkoak dira langile klasearen baldintza materialen hobekuntzaren alde borrokatzeko.