LANGABEZIA DATUAK

Kontratuen %77 behin-behinekoak izan ziren maiatzean

2024/06/04
Maiatzean Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeen artean, 3.593 pertsona gutxiago daude. Lurraldeka, Nafarroan 462 pertsona gutxiago izan ziren eta EAEn 3.131 gutxiago. Emakumeei dagokienez, datuak positiboak dira, aurreko hilean 2.071 langabe gutxiago izan baitziren. Hala ere, emakume langabeen ehunekoak ez du behera egiten, % 58,3an jarraitzen baitu. Bestalde, gazteen langabeziak ez du hobera egin; gainera, gazte langabeen kopuruak 2019an baino handiagoa izaten jarraitzen du.

Hego Euskal Herriko langabezia Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian % 9,7koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, %6koa.

Kontratazioari dagokionez, behin-behineko kontratuek apur bat okerrera egin dute apirileko kopuruekin alderatuta; aldi baterako kontratuen ehunekoak oso handia izaten jarraitzen du. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %77,2 aldi baterakoak izan ziren. Aipatzekoa da Estatuan, Nafarroak eta EAEk izan zutela aldi baterako kontratuen tasarik handiena, alde handiarekin gainera; Estatuan aldi baterako kontratuek 20 puntu beherago zeuden, zehazki, % 57n.

Enpleguaren datuak txarrak ez badira ere, errealitatea da enpleguaren kalitatea ez dela ona, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten duen bezala. Gainera, Europako batez bestekotik urrun jarraitzen dugu. Hori guztia Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan dauden testuinguru batean, asko soldata txikiekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko edota kontratu partzialekin. Horregatik, egoera horren aurrean, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, langile klasearen baldintza materialak hobetzeko.