Krisi ekonomikoa gorabehera, alokairuaren prezioek bere horretan jarraitzen dute

2020/09/14
Eustatek emandako 2020ko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten dutenez, EAEn alokairuaren batez besteko prezioa 8 euro baino ez da murriztu

 

Alokairuko etxebizitzen eskariak nabarmen egin du gora azken hamarkadan, hainbat faktoreren ondorioz; besteak beste, lan-prekarietatea, aldi baterako lanak eta lan partzialak, lan-segurtasunik eza, etab. Eskari altua eta eskaintza-parke oso mugatu bat zirela medio, alokairuko etxebizitzen goranzko prezioa ohiko tonika bihurtu zen Covid-19a agertu aurretik. Horren ondorioz, burbuila sortu zen alokairuaren merkatuan, eta, krisi ekonomikoaren ondorioz prezioak murriztuko zirela iragartzen bazen ere, ez da horrelakorik gertatu.

Eustatek emandako 2020ko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten dute EAEn alokairuaren batez besteko prezioa 1.027,9 eurokoa izan dela. Horrek esan nahi du, lehen hiruhilekoarekin alderatuta, batez besteko prezioa 8 euro baino ez dela murriztu (-%0,77). Urte arteko datuei erreparatuta, 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, 25,9 euro jaitsi da batez besteko prezioa (-%2,46).

Salgai dauden etxebizitza berrien batez besteko prezioari dagokionez, badirudi egungo testuingurutik are urrunago daudela, azken hiruhilekoan prezioak 296.300 eurotik 300.500 eurora igo baitira (+%1,4).

2013tik alokairuen igoera orokorra gertatu da. EAEn, alokairuaren batez besteko prezioa %24,5 igo da. Lurraldeka banatuta, Gipuzkoan dago egoerarik okerrena. Lurralde horretan, prezioak %33,7 igo dira. Gainerakoetan igoera txikiagoak izan arren, handiak ere izan dira: %15,5 Araban eta %12,6 Bizkaian.

Datuek erakusten dute prezioen dinamika ez datorrela bat gizartearen premiekin. Datuen arabera, beraz, alokairuaren prezioa gora doa, arazoak eta langile klasearen beharrek egiten duten bezala. Fu
nts putreek eta bankuek negozioa ikusi dute erabat desaraututa dagoen merkatu batean, eta gobernu eta erakunde eskudunek ezer gutxi egin dute egunetik egunera gero eta jende gehiagori eragiten dion arazoa konpontzeko.

Beraz, argi dago merkatuak ez diela erantzuten pertsonen oinarrizko beharrei. Eskaintza eta eskaria da, eta, beraz, espekulazioa, guztiaren gainetik gailentzen dena. Horregatik, ELAren ustez, beharrezkoa da etxebizitzaren alokairu politika errotik aldatzea, eta, horregatik, hainbat neurri proposatzen ditugu, besteak beste:

  • Legez bermatzea pertsona guztiek alokairu sozialeko etxebizitza bat izango dutela.

  • Alokairuko etxebizitzen prezioaz gain, oporretako alokairuak mugatzea.

  • Alokairu soziala sustatzea jabetzaren aurrean.

  • Etxebizitza hutsei okupazioa ematea.