Kutxabank Publikoa plataformak mozioak aurkeztu ditu hiriburuetan eta Batzar Nagusietan

2021/03/30
Banku komisioak 2015ean zuten baliora jaisteko eta bulego itxiak eta jendaurreko ordutegia berreskuratzeko aldarrikapenarekin egin dira mozioak.

Azken boladan, banku-komisioek nabarmen egin dute gora. Gainera, bulego asko itxi dute eta aurrez-aurreko eta kutxako zerbitzuak murriztu dituzte, zerbitzua guztiz telematizatuz eta ofizinako lanak batez ere komertzialak bihurtuz. Horregatik kanpaina hau martxan jartzeko beharra. Martxoaren 25ean Bilboko Udalbatzako plenoan aurkeztu zen, Gasteizko Udalbatzan martxoaren 26an burutu zen, eta ondoren, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusietan eta Donostian ere eztabaidatuko dira mozioak.

Espainiako Estatuko bankuak ez dira elkarren artean lehiatzen ari, baizik eta danak batera komisioak igo eta zerbitzuak murrizten ari dira. Estatuko 5 banku handienek merkatuaren % 70 kontrolatzeak hori errazten du; Alemanian, berriz,% 30 baino ez dute, eta gainera 450 alemaniar aurrezki-kutxek bankuek baino osasun hobea dute; hemen ostera kutxak desagertarazi zituzten. Errentagarriagoa zaie Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak inoiz ezartzen dizkieten isunak ordaintzea.

Gainera, Estatuak ez ditu komisioak mugatzen.

Hiriburuetako udalek eta aldundiek duela mende bat baino gehiago sortu zituzten euskal kutxak. Eta beraien ondorengoak diren izen bereko BBK, Kutxa eta Vital fundazioen berezko patroiak dira. Kutxak bankuekin lehiatu ziren, zerbitzu hobeak eta merkeagoak eskainiz. Horrela, merkatuaren erdia lortu zuten, eta bankuek prezioak jaistera eta zerbitzuak hobetzera behartu zituzten. Ideia horrekin, mozioak Kutxabanki, kutxen ondorengoa den aldetik, komisioak jaistea eta zerbitzuak berreskuratzea eskaera berezia egiten dio, horren bidez, gainerako bankuek gauza bera egitea behartzeko. Eta horretan laguntzeko, Udalak BBK Fundazioan dituen patronoei, mozioen eskaerak BBKn defendatzeko eskatzen die.