Lan kontratuen %91,4 aldi baterakoak izan ziren 2021ean Hego Euskal Herrian

2022/01/04
Espainiako Lan Ministerioak emandako datuek erakusten dute, langabeziak behera egin duen arren, enpleguak prekarizatzen jarraitzen duela. ELAk salatu du adierazpen triunfalistek ezkutatu egiten dutela lan errealitate prekarioa.

Enpleguari buruzko hileko datuen argitalpena alderdi positiboak soilik nabarmentzeko abagunea bihurtu da. Espainiako Lan Ministerioak eskainitako datuek, ordea, agerian uzten dute lan prekarietatearen hedadura eta langabezian dauden pertsonen babes falta.

2021ean EAEn eta Nafarroan erregistratutako kontratuen %91,4 aldi baterakoak izan ziren: aldi baterako 1.100.00 kontratu baino gehiago sinatu ziren, gehienak lege iruzurrean. Eta langabezian dauden pertsonen babesgabetasunari begira, argitaratutako datuek errealitate tamalgarria erakusten dute: sistemak langabezian aitortutako lau pertsonetatik batek bakarrik jasotzen du ordaindutakoaren araberako prestazioa, hau da, Hego Euskal Herrian langabezian dauden 83.000 pertsona baino gehiagok ez dute langabezia prestaziorik jasotzen, ezta asistentziazkoa ere.

ELAk salatu du, gainera, lan erreformak ez duela eraginkortasunez konpontzen behin-behinekotasunaren hedapena. Gobernuak amore eman du patronalaren presioen aurrean. Horregatik, gobernuak Errege Lege Dekretu gisa argitaratu duen lan erreformari bide ez emateko eskatu du sindikatuak. Enplegua sortzea, enpleguaren suntsitzea saihestea eta kalitatezko lanpostuak bermatzea oso bestelako arau esparrua behar dute, elkarrizketa soziala deitutakoan adostutakoaren oso bestelakoa.