Lanaren Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, 495 milioi enplegu suntsitu dira mundu osoan 2020ko bigarren hiruhilekoan

2020/10/14
Lanaren Nazioarteko Erakundeak ondorioztatu du neurri fiskalek enplegu-galera geldiarazteko balio dutela, beste arrazoi bat gehiago diru-bilketa handitu eta progresiboagoa izan dadin zerga-erreformak egiteko

Covid19ren pandemiak eztandarazitako krisiaren ondorioz, 2020ko bigarren hiruhilekoan 495 milioi lanpostu galdu dira mundu osoan, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera. Urtarriletik irailera langileen diru-sarrerak 3,5 bilioi dolar jaitsi dira mundu mailan.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, Latinoamerika da eragin handiena izan duen eskualdea, bigarren hiruhilekoan lanorduen % 33,5 galduz (80 milioi lanpostu). Kopuru absolutuetan, Asia hegoaldean galdu dira lanordu gehien (170 milioi lanposturen baliokidea).

Lanaren Nazioarteko Erakundeak ez du estatu bakoitzari buruzko informazio zehatzik eman, baina herrialde hauek nabarmendu ditu: Peru (%50eko lanorduen galera), Latinoamerikako beste herrialde batzuk (Mexiko, Txile, Ekuador, Kolonbia eta Costa Rica), %20 inguruko galera, eta Estatu Batuak eta Brasil (%10 inguruko galera). Estatu espainiarrean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen kalkuluen arabera, lanorduen galera %6 ingurukoa izan da.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak argitaratutako txostenaren arabera, neurri fiskalek enpleguen galera geldiarazteko balio dute. Politika publikoetan erabiltzen den BPGren %1k, enplegu-galera %0,8 jaistea dakar. Premiazkoa eta saihestezina da gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko zerga-erreformak egitea. Hau beste arrazoi bat gehiago da.