Langabetuen %57,6 emakumeak dira

2019/03/04
Enplegu zerbitzu publikoak argitaratutako otsaileko datuek aditzera eman dutenez, Hego Euskal Herrian 153.072 pertsona daude langabezian, horietako %57,3 emakumeak izan dira, hau da, 88.502. Bilakaerak erakusten duenez, azken hilabetean 627 pertsona murriztu da langabe kopurua eta 9.621 azken urtean.

 Langabezian daudenen %56,8ak ez du inolako langabezia prestaziorik jaso aurreko hilabetean (87.253). Eta kotizaziopeko langabezia saria soilik %26,9ak jaso du (41.342 langabetuk). Kotizaziopeko langabezia sariaren zenbatekoa, bataz beste, 884,1 eurokoa izan da EAEn eta 907,5 eurokoa Nafarroan.

Europako bataz besteko langabezia tasa baino askoz altuagoa daukagu. 153.072 langabetu daude Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasa %11,4koa da, 28-EBekoa baino 4,8 puntu altuagoa (%6,6koa da). Hego Euskal Herria, langabeziari dagokionez, Europako tasa altuena dutenen herrialdeen taldean egoten jarraitzen du.

Otsailean sinatu diren kontratuak oso prekarioak izaten jarraitzen dute, %91,4 behin-behinekoak izan baitira. Langabeziak eta prekarietateak lotura zuzena dute.