Langabetuen kopuruak gora egin du abuztuan eta kontratuen %93 behin-behinekoak izan dira

SEPEk argitaratutako abuztuko datuak oso kezkagarriak dira, langabetu kopurua asko hazi baita uztailarekin alderatuz, are gehiago, abuztuko zifra azken urteetako daturik txarrena izan da. Gainera, Europako bataz besteko langabezia tasa baino askoz altuagoa da gurea: 147.161 langabetu daude Hego Euskal Herrian, eta langabezia tasa %10,9koa da, hau da, Europakoa baino %4,1 altuagoa.
Langabezian daudenen %52ak ez du inolako langabezia prestaziorik jaso aurreko hilabetean (76.308). Eta kotizaziopeko langabezia saria soilik %30,9ak jaso du (45.540 langabetuk). Kotizaziopeko langabezia sariaren zenbatekoa, bataz beste, 823,7 eurokoa izan da EAEn, eta 864,5 eurokoa Nafarroan, maiatzetik aurrera asko jaitsi eta gero.
Uztailean sinatu diren kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berdinak izan dituzte, hau da, oso prekarioak eta behin behinekoak izaten jarraitzen dute, %93,6 behin-behinekoak izan baitira. Gainera, urte arteko kontratazio mugagabea %12,5 murriztu da. Langabeziak eta prekarietateak lotura zuzena dute.