Langabezi tasa erreala, ofizialaren oso gainetik

2019/04/15
Eusko Jaurlaritzak langabezi tasa errealari buruz egindako txostenean ez dira aplikatzen nazioarteko erakundeek erabilitako irizpideak, langabezi estatistikak makilatzeko helburuarekin.

Gaur egungo lan merkatuan sekulako prekarietatea dago. Egoera hau erabat areagotu da krisiaren eraginez, horretaz konturatzeko ikusi besterik ez dago soldatapeko langile gehiengoaren estatistikak, besteak beste lanaldi partzialeko kontratuetan, behin behineko kontratuetan, eta baita ere lan baldintza okerretan. Esan beharra dago, langabezi tasa ofizialaren neurketak ez duela islatzen lan munduko prekarietatea, ELAn uste dugu neurketa horrretan kontuan hartu beharrekoa dela prekarietate maila. Garaiak, enpleguak bezala, aldatu egin dira, baina langabezia tasa neurtzeko modua pasa den mendekoa izaten jarraitzen du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, Elkarrekin Podemosen ekimenaz, Legez besteko proposamen bat onartu zuen "langabezi tasa zabaldua edo erreala" neurtzeko. Neurketa hori Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren esku geratu da (Eustaten Lan-merkatuaren Zentsua -Eskaintza Fasetik atera dira datuak), zeinak berriki “Euskadin lan-indarraren azpierabileraren zenbait adierazlek duten eraginaren analisia” izeneko informea argitaratu duen.

Eustat edo INE moduko estatistika erakundeek, Eurostat eta Nazioarteko Lan Erakundeak (OIT) iradokitzen dituzten irizpideak jarraitzen dituzte. Organismo hauen arabera, langabezian dauden pertsonak langabetzat hartzeko, honako irizpide hauek izan behar dituzte: lan egin nahi izatea, bi asteren buruan lan egiteko prest egotea eta aktiboki lan bila egotea inkesta egin den unean. Langabezi tasa ofizialaren definizio zorrotza ikusi ostean, bistan dago ez dituela langabetzat har daitezkeen aspektu edo biztanleria kontutan hartzen. Horregatik, gure aburuz langabezi errealaren maila gutxietsi egiten da.

Estatu Batuetako Bureau of Labor Statistic (BLS, Estatistiken Bulego laborala) izan zen aitzindaria metodologia berria ezartzen, zeinak aspektu berriak jaso eta barneratu zituen. BLSk definitutako metodologiak langabezi tasa erreala islatzea bilatzen du eta horretarako hurrengo neurriak erabiltzen ditu:

  • U-3: Langabezia-tasa ofiziala (LANE/BJA langabezia-tasa)

  • U-4: Langabezia-tasa ofiziala gehi adoregabetutako biztanleak.

  • U-5: Langabezia-tasa, adoregabetutako biztanleekin eta lan-merkatuarekin loturaren bat, txikia bada ere, duten biztanle inaktiboak. Hau da, lanerako prest daudenak, baina arrazoi ezberdinengatik ez dutena enplegua bilatzen.

  • U-6: Langabezia-tasa zabaldua, lanaldi partzial ez-boluntarioarekin. Nahiko luketen baino ordu gutxiago lan egiten duten pertsonak, hau da, lanaldi partzialeko kontratuak dituztenak.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak Eustaten datuekin egindako txostenean, BLS metodologia aplikatu da, baina ez lanaldi partzial ez boluntarioaren kasuan (U-6), izan ere, hemen irizpide berri bat gehitzen du Eusko Jaurlaritzak, beste enplegu bat bilatzen ari denarena. EBZaren eta Espainiako Bankuaren moduko kasuetan U-6 tasa neurtzean ez dute lanaldi partzial ez boluntarioan "enplegua aktiboki bilatzen ari den" faktore murriztailea barneratzen. Aipatu behar da, U-6ari zor zaoila, hein handi batean, neurri tradizionalean neurtzen den langabezia-tasaren eta BLSaren metodologiarekin egiten denaren arteko alde handi bat, lanaldi partzialekoa baita biztanleria okupatuaren zati handi bat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak argitara eman duen txostenean ikusten dugu, 1 taulan, aipatutako neurri moduek emandako 2017ko IV. hiruhileko datu desberdinak:

1. taula: LANE langabezia-tasaren eta harekin lotutako beste tasa batzuk. 2017 urtea

U-3

U-4

U-5

U-6

%11,1

%12,7

%15,2

%16,4

Ikusten den moduan, metodologia honekin estimatutako langabezia tasa, maila handi batean areagotu egiten da, %11,2etik %16,4ra pasatzen baita (5,3 puntu gehiago).

Datuak sexuaren bidez bereizten baditugu, ikusi dezakegu tasa ofizialean emakume eta gizonen artean dagoen diferentzia dezima bakarrekoa dela, langabezia tasa errealak, ordea, emakumeak kaltetzen ditu. Langabezia tasa erreal edo zabalduan diferentzia hori 4,2 puntu aregotzen da (%14,4 gizonen kasuan eta %18,6 emakumeenean).

2. taula: LANE langabezia-tasaren eta harekin lotutako beste tasa batzuk. Emakumeak eta gizonak. 2017 urtea

 

U-3

U-4

U-5

U-6

Emakumeak

%11,1

%11,7

%13,9

%14,4

Gizonak

%11,2

%13,8

%16,6

%18,6

 

Garrantzitsua deritzogu prekarietatea gehien pairatzen duten kolektiboei aipamena egitea. Pertsona bakoitza edo pertsona taldeak, ezaugarrien arabera analizatzen baditugu, egoera okerrenean geratzen direnak 16 eta 24 urteen arteko gazteak eta ikasketa kalifikatu gabeko pertsonak edo taldeak dira.

3. taula: LANE langabezia-tasaren eta harekin lotutako beste tasa batzuk. 16tik 24 urte arteko biztanleria eta ikasketa kalifikatu gabekoak. 2017 urtea

 

U-3

U-4

U-5

U-6

16-24 urte

%20,1

%20,1

%25,5

%27,4

Ikasketa gabe

%15,7

%18,1

%21,4

%23,3


Lehenengo kolektiboari dagokionez, taulan ikusten dugu langabezia tasa errealaren aregotzea, hein handi batean, lanerako prest dauden inaktiboen (5,4%) ehuneko altuagatik gertatzen dela. Ikasketa kalifikatuak ez duten pertsonen artean, portzentajea gehiago banatzen da neurri bakoitzean, hala nola, U-4a, %2,4, U-5ean %3,3% eta U-6an %1,9.

Badira zenbait arrazoi hori azaltzeko, eta horietako bat da kolektibo horiek aukeratzen dituzten lanpostuak prekarioenak eta errotazio handienekoak direla.

Ondorioak

BLS metodologia osoagoa da, enplegua, langabezia, langabezia ez boluntarioa edo prekarietatea aztertzeko orduan. Tasa berri honek errealitate soziolaboralera askoz gehiago hurbiltzen gaitu, lanpostuetan existitzen den prekarietate maila ikusarazteaz gain, estatistika ofizialek ez aktiboak kontsideratzen dituzten pertsonak baina errealitatean hala direnak bistaratzen ditu. Gainera, langabezi erreala ezagutzea ezinbestekoa da politika publiko egokiak aplikatuz arazo horrekin bukatzeko.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak eskeinitako datuak zuhurtasunez hartuak izan behar dira. Batetik, lanaldi partzial ez boluntarioaren neurketa ez delako Europako eta nazioarteko erakundeek onartzen dutena, eta, bestetik, horren ondorioz, txostenean, neurketa-modu desberdinak dituzten herrialdeak alderatzen dira, non Euskadi egoera hobean agertzen da, errealitatean hori horrela ez denean.

Esandakoa ez diogu ezagutza ezta funtsik gabe, egon badaudelako ikerketak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak publikatutako txostena arbuiatuz, U-6ko ehunekoa %22,6an (2017ko 3. hiruhilekoaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren mikrodatuekin landutako datua) kokatzen duena, hau da, tasa ofiziala baino 10,9 puntu gorago. Datu hori ez dator bat aztertu dugun Eusko Jaurlaritzaren txostenarekin, zeinak %16,4ko datua ematen duen 2017an, hortaz, bata eta bestearen arteko ezberdintasuna 6,2 puntura heltzen da.

ELAn uste dugu Eustaten datuekin Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak eginiko aldaketa desegokiak helburu zehatz bat duela: ongizatearen itxura ematea eta prekarietatea pairatzen duten kolektiboen errealitatea ezkutatzea. Esan dugun bezala, U-6 neurrian dagoelako ezkutuko langabeziarik handiena, eta tasa horretan Eustatek aldatzen ditu baldintzak, langabetuak diren pertsonak horrela ez zenbatzeko.