Langabezia 147,200era igo da Hego Euskal Herrian, duela urtebete baino % 27,6 gehiago

2021/04/29
ELAk aldaketa sozialak egiteko premia larria azpimarratzen du; izan ere, milaka pertsonen osasuna eta egoera ekonomikoa jokoan daude – batez ere emakumeena eta gazteenena – eta gizarte desberdintasun gero eta larriagoak dira. Ildo horretan, premiazkoa deritzogu lan-erreformak indargabetzea, gure herrialdeetan lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzeko, lan-harremanen estatalizazioari indarra eman dioten eta prekarietatea eta soldata baxuak areagotu dituzten negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2020ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, langabezia berriro igo da, oraingoan 8.700 pertsonatan. Langabeziak gora egin du EAEn, 9.500 langabe gehiago daude; ez, ordea, Nafarroan, langabe kopurua 800 pertsonatan murriztu da. Horrela, langabezia-tasa % 11koa da EAEn (duela urtebete baino 2,3 puntu gehiago) eta % 11,5ekoa Nafarroan (2,9 puntu gehiago). Tasa horiek Europar Batasunekoak baino askoz handiagoak dira, EBko batez besteko tasa % 7,3an kokatzen baita.

 

Urte arteko datuei dagokionez, 31.800 langabe gehiago daude INEk argitaratutako inkestaren arabera, hau da, duela urtebete baino % 27,6 gehiago. Nafarroan % 35 igo da langabezia, eta EAEn % 25,3, hauek orain dela urte asko ikusten ez genituen zifrak dira.

Bestalde, 25 urtetik beherakoen langabezia 26.300an kokatzen da Hego Euskal Herrian, duela urtebete baino bi aldiz handiagoa den zenbatekoa. Gazteen langabezia-tasa % 39koa da EAEn, eta Nafarroan, berriz, % 31,3koa; Europar Batasunean, tasa hori oso azpitik dago, % 16,9an, hain zuzen. Zifra horiek erakusten dute krisi ekonomikoak are gehiago okertu duela gazteen egoera.

Okupazioari dagokionez, zifrek erakusten dute 19.400 pertsona gutxiago daudela enplegatuta azken hiruhilekoan. Zerbitzuen sektorea izan da kaltetuena, ia suntsitutako enplegu guztiak galdu baititu (18.800). Enplegu suntsipena 35.200era igotzen da 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Hala, 1.179.100 pertsona daude lanean guztira.