LANGABEZIA

Langabezia %15 igo da hirugarren hiruhilekoan

2023/10/26
Langabeziak datu negatiboak izan ditu hirugarren hiruhilekoan. 119.100 langabe egon dira Hego Euskal Herrian (HEH), aurreko hiruhilekoan baino 15.600 gehiago. Igoera hori batez ere emakumeen (+13.600) eta gazteen (+7.200) artean gertatu da. Langabeen kopuruaren igoera dela eta, HEHko langabezia-tasa % 8,55era igo da ( %9,61 emakumeen artean eta %7,57 gizonen artean). Aipatzekoa da gazteen egoera prekarioa; izan ere, gazteen langabezia-tasak gora egin du berriro, eta %31ra iritsi da dagoeneko (%31,7 EAEn eta %29 Nafarroan).

HEHn okupatuta dauden pertsonen kopuruan ez da aldaketarik erregistratu, EAEko jaitsiera (-2.800) Nafarroan gertatu den gorakadak konpentsatu du. Inkestaren arabera, okupatuen kopurua 1.273.800koa da, azken urteetako kopururik altuena, baina 2008tik urrun dago oraindik, urte hartan 1.315.000 landun izatera iritsi baitzen. Zerbitzuen sektoreak bultzatu du enpleguaren igoera (+11.400). Industriako sektorean aldiz, badirudi gure lurraldea Europan dagoen egoera negatiboa nabaritzen hasi dela, 11.000 landun galdu baitira.

Kontratuen behin-behinekotasun tasari erreparatzen badiogu, ikusi dezakegu ia ez dela mugitu azken hiruhilekoan. Tasa %20,5etik %20,1era soilik murriztu da. Garrantzitsua da adieraztea tasa hori 3,5 puntu baino ez dela murriztu 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta. Emakumeek prekarietate handiagoa pairatzen dute, behin-behinekotasun tasa % 23ra igotzen baita. Azpimarratu behar da sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen duela, batez ere EAEn, tasa %46,9ra iristen baita.

Datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. Pertsona okupatuen kopurua murriztu ez arren, ikusten dugu langabeziak nabarmen egin duela gora, eta, gainera, kolektibo kalteberei eragin diela igoerak, eta, ondorioz, are gehiago prekarizatzen dituela. Bestalde, garrantzitsua da industriaren egoera aipatzea, pertsona okupatu asko galdu baititu, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake gure lurraldeko egoera ekonomikoan datozen hilabeteetan.