Langabezia %20 igo da Hego Euskal Herrian azken urtean, %8 azken bi hilabetetan

2020/05/19
Enplegu Zerbitzu Publikoaren apirileko datuek erakusten dute 179.085 pertsona daudela langabezian izena emanda Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 13.507 gehiago. Beraz, Langabezia %8,2 igo da Hego Euskal Herrian. Alarma egoera hasi zenetik, sei astetan 27.871 lanpostu suntsitu dira.

 

Langabeziak gora egin du bai Nafarroan (3.077 pertsona) eta baita EAEn ere (10.430 pertsona). Horrek esan nahi du %8,1eko eta %8,2ko igoera izan dela, hurrenez hurren, martxoko igoeraren antzera. Urtetik urterako datuetan, 2019ko apirilarekin alderatuta, langabeziaren igoera %20,8koa izan da azken urtean.

Langabeziaren igoera hori, neurri batean, COVID-19ren pandemiaren aurrean enplegua defendatzeko hartu diren neurrien faltak edo beranduegi hartu izanak eragin du.

Gizarte-larrialdiari aurre egiteko onartzen ari diren neurriak ez dira nahikoak. Espainiako eskuinak gutxieneko errentaren aurka edo etxegabetzeak geldiaraztearen aurka hain jarrera bortitza agertzeak hartzen diren neurriak benetan direnak baino aurrerakoiagoak iruditzea ere badakar. Baina errealitatea da Estatuak behar sozialetarako BPGari dagokionez egiten duen ahalegina Europar Batasuneko baxuenetakoa dela.

Testuinguru honetan ezinbestekoa izango da austeritate-politikak alde batera uztea, kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea, zaintza-lanari zentraltasuna ematea eta gure tokiko ekonomia indartzea. Argi dago aldarrikapen horiek gizarte-aktibazioaren eta mobilizazioaren bidez lortu ahal izango direla, eta ez direla elkarrizketa sozialaren barruan gauzatuko. Izan ere ikusita dugu parte-hartzaileen biziraupen ekonomikoa bermatzea dela elkarrizketa sozialaren erabilgarritasun bakarra.