ENPLEGUA

Langabezia duela urtebete baino handiagoa da

2024/05/06
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dute langabezia murriztu egin dela apirilean enplegu prekarioaren eta urtaroen araberako enpleguaren kontura

Apirila positiboa izaten da enpleguari dagokionez. Aurten 2.520 langabe gutxiago izan dira Hego Euskal Herrian (HEH), nahiz eta a priori datu positiboak diruditen, esan beharra dago pasa den urteko apirilean baino okerrago gaudela, urtearteko tasak adierazten du aurten 949 pertsona gehiago daudela langabezian. Langabeziaren beherakada bereziki zerbitzuen sektorean (-1.782) eta gazteen artean (-1.199) gertatu da.

Horrela, HEHren langabezia-tasa %9,9ra jaitsi da. Hala ere, Europako gainerako herrialdeekiko alderaketak emaitza oso negatiboak adierazten ditu. Europako langabezia-tasaren batez bestekoa %6an kokatu zen martxoan, HEHn, berriz, ia lau puntu gehiagokoa da.

Kontratazioari buruzko datuei dagokienez, Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan ziren HEHn. Hau da, lan-erreforma gorabehera, HEHn apirilean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren.

Datuek adierazten dute langabezia murriztu egin dela enplegu prekarioaren eta urtaroen araberako enpleguaren kontura, hala erakusten du tenporalitatearen datu altuak. Aipatzekoa da, gainera, duela urtebete baino okerrago gaudela eta HEHko egoera Europako gainerako herrialdeena baino okerragoa dela. Beraz, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa bizi baldintza materialak hobetzeko.