Langabezia handitu da, enpleguaren kalitatea jaitsi

2019/10/24
120.800. Hori da Biztanleria Aktiboaren Inkestak argitaratutako enplegu-datuen arabera Hego Euskal Herrian 2019ko hirugarren hiruhilekoan zegoen langabe kopurua. Datu oso kezkagarriak, besteak beste, langabezia handitu egin delako gurean.

Zehazki, langabezia 7.400 pertsonatan igo da azken hiruhilekoan, eta langabezia tasa %8,2koa izan da Nafarroan eta %9,3 EAEn, 0,6 puntuko eta 0,7 puntuko igoerarekin, hurrenez hurren. Azken urtean 5.400 langabe baino ez dira murriztu, hiruhileko honetan 2013tik izandako bilakaerarik okerrena izan da.

Azken hiruhilekoan biztanle okupatua 18.500 pertsonatan murriztu da, 1.220.400 okupatura heldu arte, hori dela eta gertatu da langabezia-tasaren igoera. Kontratu partzialek ere nabarmen egin dute gora azken urtean, eta kopuru osoaren %15,5era iritsi dira dagoeneko.

Genero arrakala areagotu egin da hiruhileko honetan langabeziari dagokionez, 15.500 emakume gehiago baitaude langabezian. Emakumeen langabezia-tasa %10,2koa izan da, gizonena baino %2,3 handiagoa. Gainera, lanaldi partzialeko kontratuak %25,8 izan dira emakumeentzat, eta %6,3 gizonentzat.

16-24 urteko gazteen langabezia-tasa 5,6 puntu igo da azken hiruhilekoan, eta %28,6ra iritsi da, Europa mailako altuenetakoa. Gainera, okupazioaren murrizketa ere eman da iaztik.

EPAren datuak modu negatiboan baino ezin ditugu baloratu, ez soilik azken hiruhilekoko zifrak txarrak direlako, baizik eta azken urteko bilakaerak dezelerazio handia erakusten duelako aipatutako adierazleetan. Gainera, sortzen den enplegua lan-baldintzak prekarizatzearen kontura sortu da, kontratu partzialak eta aldi baterakoen hazkundeagatik. Prekarietatea aregotzea aurrera eramaten diren enplegu politiken ondorioa da, ezinbestekoa da politika horiek aldatzea enpleguen kalitatea hobetzeko.