LANGABEZIA DATUAK
Langabeziak gora egin du gazteen artean
Hego Euskal Herrian 359 langabe gutxiago erregistratu ziren martxoan. Lurraldeka, Nafarroan 220 langabe gutxiago izan ziren, eta EAEn 139 gutxiago. Emakumeei dagokienez, aurreko hilean baino 344 langabe gutxiago egon ziren. Hala ere, ehunekoa gizonena baino handiagoa da oraindik; izan ere, martxoan bost langabetik ia hiru emakumeak izan ziren.
Gazteen enplegu datuek beste behin ere okerrera egin zuten. Otsailarekin alderatua, 341 pertsona gehiago daude langabezian. Arazoa handiagoa bada ere 2019. urtearekin alderatuta, aurreko hilean 1.750 gazte langabe gehiago egon baitziren pandemiaren aurretik baino.
Langabeziak pixka bat behera egin duen arren, langabezia-tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du; Hego Euskal Herrian tasa %9,8koa zen bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %5,7ra jaitsi zen otsailean.
Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun tasak aurreko hilabeteetako zifra beretsuak izan ditu. Espainiako Ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %76,6 aldi baterakoak izan ziren. Aipatzekoa da lehen hiru hilabeteetan Nafarroa eta EAE izan zirela behin-behinekotasun tasarik altuena izan zutenak Estatuan, alde handiarekin. Estatuko behin-behinekotasuna %57koa izan zen; Hego Euskal Herrian, berriz, %77koa.
Langabeziak ia ez du behera egin martxoan, eta enplegu prekarioaren eta urtarokoaren kontura egin du behera, aldi baterako kontratuen ehuneko handiak agerian uzten duen bezala. Gainera, kezkagarria da gazteen langabezia-tasa altua; izan ere, beste behin saldo negatiboa izan dute. Salatu behar da denboran betikotzen den arazoa dela, eta ez direla neurri eraginkorrak hartzen ari.