ENPLEGUAREN DATUAK

Langabeziak orain dela urtebete baino handiagoa izaten jarraitzen du

2024/10/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dute langabeziak behera egin duela irailean, baina horrek ez du konpentsatzen uztaileko eta abuztuko igoera

3.162 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian: EAEn 3.367 gutxiago baina Nafarroan 205 gehiago. Hala ere, azken hilabeteko langabeziaren jaitsierak ez du konpentsatzen uztailean eta abuztuan izandako igoera. Gainera, aipatzekoa da urte arteko adierazleak erakusten duela 1.577 langabe gehiago daudela.

Emakumeen artean ere langabeziak behera egin du, oraingoan 2.026 pertsona gutxiago; hala ere, langabezian dauden emakumeen proportzioa askoz handiagoa izaten jarrraitzen du; bost langabetik hiru emakumeak dira. Bestalde, Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin du sektore guztietan; zerbitzuen sektorea izan da nagusi jaitsiera horretan (-2.853).

Gazteen langabeziari buruzko datuek, aldiz, zifra negatiboak dituzte. Irailean 547 langabe gehiago izan dira, eta guztira 12.229 gazte langabe daude. Datu hori pandemiaren aurreko mailaren gainetik dago, eta gazteenen artean dagoen prekarietatea estrukturala dela erakusten du.

Kontratazioaren datuek langabeziaren datuekin egiten dute kontrastea, sinatutako kontratu berrien kalitatea ez baita ona. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan ziren, hau da, irailean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira Hego EHn.

ELAk azpimarratu du iraileko datuek enpleguaren egoera hobetzen duten arren, duela hilabete batzuz geroztik egoeraren gelditze bat ikusten dela. Urte arteko adierazlea horren erakusgarri da. Gazteen egoera prekarioa ere aipatu behar da, soldata txikiei langabeziaren hazkundea gehitu behar zaio, zeina egiturazkoa da. Bestalde, kontratazioak aurreko hilabeteetako ezaugarri berak izaten jarraitzen du, hau da, aldi baterakoak eta prekarioak dira.